Jokin ETXANIZ
Aspeko teknikaria

Eta, hala ere, Jokin berriz ere txapeldun

Onartu behar dut ez nintzela atzoko finaleko azken tantoak ikusteko gai izan. Hiru parte izan zituen partidan –hasieran biak urduri, gero Jokin eskuinaz agintzen eta azkenerako Lasok gora eginda– azken txanpa horretan Laso gehiago zela iruditzen zitzaidan, izandako aukera apurretan ere Altuna gantxoarekin ezin asmatuta ikusten nuen, mugimenduetan ez Joseba Ezkurdiaren aurka bezain arin eta azken tantoa sakez egin bazuen ere, lehen pilotakadarekin ere ez nuen gustura sumatu... baina hala ere... Jokin berriz ere txapeldun. Hainbeste errekurtso ditu, azkenerako gailendu zela berriz.

Askotan entzuten dut, ez pilotan bakarrik, edozein kiroletan, zorteak ere eragina izaten duela eta oraingo honetan ere hala izango zen, ze finala edozein aldetara eror zitekeen amaiera estu horretan, baina halakoetan, hamarretik bederatzitan, zorte hori beti berdinak izaten du; zerbait gehiago egongo da. Asko hitz egiten da Jokin Altunaren magiaz, baina magiarekin bakarrik ez dituzu sei final jarraian jokatzen. Garbi dago lortutako garaipen guztiak mereziak dituela Jokinek; atzo asko sufritu arren, azken unera arte partidan sartuta jarraitu zuen eta gero beti du unerik zailenetan aurrera egiteko ahalmen hori, ez dakit berezkoa edo landutakoa, baina badu aurrera egiteko zerbait berezia.