Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hirian uso, landan otso!

Denbora aurrera doa, bidean mugarik ez. Migratzaileentzat dira mugak, eta denborarik ez dute. Batzuk Mediterraneo itsasoko uretan geratzen dira, beste batzuk Bielorrusiako basoetan, beste batzuk gure iparraldeko trenbidean. Kasu guztietan hilotz, udan ere. Baina, jakina, mugak zaindu egin behar dira, armadaren zuribide. Eta horretarako alanbre-hesitzarrez behar dira josi. Eta alanbreak metalak behar ditu, txipak ere, eta I+G+Ba, eta esportazioa… finean, BPGak hesien beharra du. Are, muga batzuetan hesitzarrak eskuz ipiniko dituztenak beste garai batean handik pasaporte barik gauez igarotako migratzaileak izango dira…

Gure mugetara etorrita, kanpo eta barne mugaz jositako eskumen mugatuko herri honetara, hain zuzen ere, edo hain oker ere, nork berea, zer esan? Horra Eusko Alderdi Jaurlaritzaren azkena! IPGP! Bai, halaxe: Interes Publiko Goreneko Proiektuak! Harrapa ezan/k, Iran/k! Gazteleraz PIPS, zeuk asmatu! Total, nik «publiko» entzutean plaza batzuetako komunak datozkit burura lehenengo kolpean, eta gero-gerokoak. Gorena entzutean urrutiko epaitegi bateko epaile togadunak datozkit bat-batean, eta gero… epaile gehiago. Eta Interesa bankuen mailegutzaren jukutriarekin lotzen dut, ezinbestean. Bada, dena batera entzutean, IPGP, korrokada baten onomatopeia!

Kontuak kontu, hauxe horren kontua! Nonbait, Eusko Alderdi Jaurlaritzak ez du gehiago aguantatu nahi udal askok beren udalerria eta udalerrikoa babesteko duten atrebentzia, ezetz esan arterainokoa! Eta autobide zuzena nahi du hartu, Interes Publiko zer horrek duen eduki ezaz. Udaletxea hustu, Batzokira mugitu eta han beste batzoki bat zabaldu. Ez da udal hauteskunderik beharko, oztopo gutxiago demokraziarako. Eta hiritzarrak ez dira landa lurraldeko erabakien menpe biziko. Hirian uso, landan otso! Gobernantza halakoa!