GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Goitik ikusiko behekoa


Bada bai, urte zaharra joan da eta berria etorri. Trantsizio hori egun bakar batean gertatu da. Modu ordenatuan gertatu ere! Hortaz, argi dago gizakiek ez dugula horretan esku hartu, osterantzean… Hainbeste aurre-prestaketa, hainbeste neon-argi distiratsu, hainbeste kale beterik, hainbeste hiri-txori elektrokutaturik, hainbeste su-eten etenda, hainbeste diskurtso pantailaratuta, hainbesterainoko hainbeste… eta zer? Segundo bakar batean aldatu dugu urtearen zenbakia! Urteak noiztik hasita gauden kontatzen… horretan sartu gabe, orain behintzat! Kawen!

Total, beste egun bat baino ez, Lurraren errotazioa eta translazioa dela, goitik ezarrita datorkigun araua. Beraz, arau guztiak ez dira hautsi behar… Tira Murgoitio, aurtengoaren harira! Eta hasi harilkatzen! Bada bai, etxeko hozkailua hasia da ohiko normalkeriara bueltatzen, hutsune beteen egunak joan ahala espazio batzuk askatuta! Ama, ama! Gauza bera egingo bagenu ibaiertzeko espazioekin! Total, azkenean topatu dut lekua iraungitzear neukan bertako jogurt naturala sartzeko.

Orduz kanpo gainbegiratu dut prentsa azken egunotan. Eta hara irakurria: espaziora bidali dutela inoizko teleskopio handiena! Azkenean euskal oasiak zer itxura duen egiaztatu ahal izango dugu, izarren arteko espaziotik bada ere. Izan ere, sinistu behar dut kanpoko zer horretan ez dagoela efektu bereziak egiterik, batzuen oasiko zoruetan, etikoa barne, ohikoak diren horiek. Eta agian ikusiko ere Eusko Alderdi Jaurlaritzak nonon omen duen estatus politiko berriaren zirriborroa! Existitzekotan handik goitik ikusi beharko! Eta lehen sektorea protesta bizian egunotan, saltoki handien beluseko atarietan. Halabeharrez! Lurrezko lurretik bidezko errenta ateratzeko trantsizio asko behar dira bete. Bestetako gobernantza ere. Hasteko bestelako alderdia Ajuria Esnean…