Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gerra zirkularrak

Kokoteraino gaude. Osakidetza indartu. Greba eguna», halaxe irakurri dut egunotan grebalari batek eskuan zeraman kartelean. Motiboak eta arrazoiak sobera hori esateko, pandemiak pandemia, eta pandemiatik kanpo ere berdin, sobera.

Eta atzo ametsetan beste kartel bat ikusi nuen: «Kokoteraino gaude. Lankidetza indartu. Gerra egunik ez», ume pare batek eskutik helduta aterpe hartutako lekuren batean. Hortaz, gogoan dut 68ko maiatzean Pariseko horma batean idatzia: «Izan gaitezen errealista, eska dezagun ezina!».

Ez, ez nago jelkideek aurrekontuez eztabaidatzen hasi orduko oposizioari eskatzen dioten errealismoaz, ez, bestelako errealismoaz nago, baina ez dakit zeinez. Aitortzen dut.

Hainbat udako, eta neguko, ikastarotan eman beharko nuke izena, eta presentzia bermatu ere, munduko ordena esaten den desordena hau hobeto ulertu eta, unea helduta, iritzi jantzia izateko, neure burua ganoraz konbentzitzeko beste sikiera. Horren bitartean nire buruak matrioxka itxura hartu du; buru-tapa zabaldu, ideia nagusiak askatzen hasi, eta gero eta ideia gehiago ateratzen zaizkit, tamainaz txikiagoak baina edukiz nahasiagoak. Ondorioz, burua bor-bor, lurruna dariola, kawenka lehertzear, ur hotzaz dutxatu behar …

Ez, ez dira inauteriak, aratusteak ere ez, mundu erreala da. Tankeak kaletik jabe, jendea metroko geltokietan gaupasa behartuan, isiltasuna garrasika, bizitza lurpean heriotza kanpoan… militarrak beti militar, berdin die besoko banderaren koloreak, uniformea lan-jantzia eta gerra lanbide, armen kotizazioa gora merkatuetan, barne produktu gordina kanpoan ere gizentzen den seinale. Oligarkak jauregian bero.

NATO eta SESB, elkar elikatzen diren tratatuak, gerrak ere zirkularrak direlako, lubakiz lubaki. Txarrena da gerraostea ez dela beti bakea izaten. Bada bai, kokoteraino halako tratatuez!