GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Ikusezina ikusarazten


Guztiz seguru ez banago ere, orain bi urte kontatzen hasi ziren normaltasun berri harena ulertzen hasita nago. Kristoren aurreikuspena izan zuten agintariek. Katamotzak gero! Eta guk agintariak itsuak direla leporatzea ere! Bada, aurretik zetorrena ikusteko pena izan zuten, bai! Ez zuten ba ikusi pandemia ofizialean hasi eta bi urtera jauzia egingo genuela, konfinamendu arintze azkarretik horniduraz gabetzerako jauzia… normaltasun berria!

Bada gaurko bestelako normalkeria honetako apalategietan airea leku gehiago doa hartzen, ekoizkinak leku gutxiago hartzen doazen neurri berean. Kasurako, hasieran ez ginen gai komuneko papera bertan ekoizteko, ditxosozko euskal I+G+B eta guzti, eta orain, ostera, garraio arazoak direla, ipurdiak ere ezin zaizkigu Asiatik heldu. Ama, ama! Berotze globalaz gain globalizazio beroa. Ekaitz perfektua! Eta euritakoen hagaxkak Txinatik eta oihala bera Taiwandik datozenez… ba, jakina, busti egingo! Eta eskerrak, euritakoek ez dute, momentuz sikiera, txipik behar!

Hortaz, lokalizazio sukarra ari da gurean ere zabaltzen, ondorioz. Pozten naiz, seguru, baina nago ni gehiago dela egoera koiunturalagatik apustu estrategikoagatik baino. Prospektibaren apalategian aire larregi dugu, eta ekoizpen gutxi. 0 kilometroa aldarrikatu bai, baina hori gauzatzeko ehun eta sareko katebegi guztiak lan duintasunez hornitzea da kontua, are gehiago hornidura-gabetze aldi honetan.

Psikosia ei dago zabaltzen, halakoxeak gara. Pelikula baten gidoia dirudi. Portzierto, etzi, asteartearekin, Nazioarteko Uraren Eguna dugu, aurton Lurpeko Urak ardatz: “Ikusezina ikusarazten”. Horren harira, zenbat on egin zuen “Psikosia” film ospetsu hark! Ez zuen ba lehenengo munduan behintzat dutxako ur kontsumoa gutxiarazi! Horixe dema, ikusezina ikusarazi! Ikasle askoz hobeak ginateke.