Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Finalerdietara iristeko, Saski Baskoniak etxean gotortu behar du

«Ez dugu inola ere Valentziara itzuli nahi», esan zuen ostegunean Jayson Grangerrek, gaur arratsaldean, 18.30ean, Bitci Baskoniak Valentzia Basketen aurka jokatu beharreko partidaren atarian.

Asteartean 79-80 Fontetan irabazi ostean, final-laurdenetako kantxa faktorea alde irauli zuen talde gasteiztarrak. Hala, gaur arratsaldean galduko balu ere, astelehenean Valentzian 19.00etan, azken aukera bat izango luke finalerdietara iristeko.

Kontua ez da hori, ordea. Denboraldiak aurrera egin ahala, etxetik kanpo gusturago aritu da talde gasteiztarra eta badu garaia etxean behingoan gotortzeko. «Ea Buesa Arenako garai bateko gau magiko horietako bat ikusten dugun», gaineratu zuen Jayson Grangerrek, eta, itxura denez, Zurbaoko pabiloiak itxura polita izango omen du gaur arratsaldean. Tartean, besteak beste, Mirza Teletovic eta Luca Vildoza ere azalduko omen dira, Saski Baskonia animatzera etorrita.

«Partida kontrolatzera»

«Bigarren garaipena lortzeko, partida kontrolatu behar dugu ahal bezain beste», adierazi zuen atzo Neven Spahijak partida bezperako prentsa agerraldian.

«Valentziak asteartean baino are erasokorrago jokatuko du ziurrenik, eta horri aurre egiteko kapazak izan behar dugu», azpimarratu zuen Sibenikeko entrenatzaileak.

«Baina Valentziak egiten duenari baino gehiago, geure buruari begiratu behar diogu, zer hobetu dezakegun. Esaterako, epaileen lana erraztu behar dugu. Beraiek ere hanka sartzen dute, baina ez jokalariek adina, eta jokalariek, berriz, gehiago egingo dute ahoa itxita mantentzen badute», bota zuen Spahijak.