Arnaitz GORRITI
ERRUGBIA

Ampo Ordiziak Ligako finala jokatuko du, Loubserren azken entsegu bati esker

Iñigo Marotiasen taldeak 27-30 irabazi dio El Salvador-i, Fase Erregularreko lider izan denari. Ekainaren 5ean Santboianaren aurka lehiatuko da finalean.

El Salvador Errugbi Ligako Fase Erregularreko liderra 27-30 bota zuen atzo eguerdian Ampo Ordiziak. Hala, 2012az geroztik lehenengoz, Errugbi Ligako finalerako sailkatzea lortu zuen Iñigo Marotiasen taldeak. Beroa, aurkari gogorra eta markagailuan sarritan atzetik ibiltzea egokitu eta gero, partida amaitzeko bost minuturen faltan Loubserren entseguak erabaki zuen dema.

Egia da, bestalde, Sam Katz-en lesioak kalte egin ziola Valladolideko taldeari, Franco Velarde atzelari txiletarrak ondo jokatuagatik, pare bat zigor-kolpe «erraz» huts egin zituelako. Alabaina, itzelezko meritua izan zuen ordiziarren garaipenak eta ekainaren 5ean Kawa Leuma zenduari Ligako titulua eskaintzeko aukera izango dute gipuzkoarrek, Santboianaren aurka.

Partida gorabeheratsua

Hasi eta berehala, 0-6 aurretik jarri ziren gipuzkoarrak, Valentin Cruzek zigor-kolpe bi gauzatuta. Alabaina, etxeko taldea halabeharrak jota laster esnatu zen. Hasiera batean Sam Katzek zigor-kolpe bat zutoinera bota arren, buelta eman zion akats horri eta ordu erdia baino lehen Katzek, entsegua, transformazioa eta drop ikusgarri bat kateatuta, 10-6koa ezarri zuen.

Minutu gutxiren buruan, ordea, jokalari ingelesak zelaia laga behar izan zuen orkatilan min hartuta eta Franco Velarde atzelari txiletarrak hartu zuen zigor-kolpeetan haren lekua.

Ampo Ordiziak zigor entsegua lortu zuen bere alde aurreneko zatia amaitu baino lehentxeago, baina jokalari bat gehiagorekin egon arren azken minutu horietan, Alonso-Villalobos eta Velarderi esker El Salvadorrek atsedenaldira aurretik joatea lortu zuen, markagailua 20-13 irauli baitzuen Valladolideko hamabostekoak.

Loubserren balentria

Paradoxikoki, 20-13tik 20-23ra buelta eman zion Iñigo Marotiasen taldeak markagailuari, nahiz eta Elliot Ryan tarte baterako egotzi Iñaki Muñoz epaileak. Une horietan, bestalde, Velardek zigor-kolpe erraz samarretan kale egin zuen eta, bestetik, Valentin Cruz eta Julen Goiak entsegu bana lortu zuten.

Alabaina, Franco Velarde txiletarrak aurrez egindako hutsegiteak entsegu bikain batekin konpondu zituen eta 27-23 aurreratu zen ostera ere El Salvador. Are gehiago, beste entsegu bat ere egitear izan zen Valladolideko taldea.

Bost minutu falta zirela, ordea, zigor-kolpea eskura jokatzea erabaki zuten gipuzkoarrek, eta Loubser El Salvadorko aurrelarien tartetik pasa eta partida behin betiko irauli zuen Ampo Ordiziaren alde. Hortik azkenera arte ere sufritzea tokatu zitzaien gipuzkoarrei, baina ez zen puntu gehiagorik izan.