Ane URIKIRI ANSOLA
Interview
SARA ALONSO
MENDI KORRIKALARIA

«Amestutakoa baino lasterketa hobea izan da»

Sara Alonso (Donostia, 1999) hirugarren postuan helmugaratu zen igandean Zegama-Aizkorri lasterketan. Bere lehen aldia izan zen edizio honetakoa eta «oso pozik» bukatu zuela onartu dio NAIZi. Duela bi urte hasi zen mendian korrika eta Salomon taldekoa da. Uste du Zegama-Aizkorriko podiuma «urrats handia» izan dela.

2022. urtea gozoa ari da izaten Sara Alonsorentzat. Transgrancanaria lasterketa irabazi eta Zegama-Aizkorrin, bere estreinakoan, podiuma egin du. Gainera, gogorarazi du aurtengo lasterketa guztietan errekorra egin duela. Baita igandean ere, 2017an Maite Maiorak lortutako errekorra ondu baitu –Nienke Brinkamena da orain denborarik onena emakumezkoetan–. Pozez gainezka eta datorrenari ilusio handiz begira erantzun zuen NAIZen deia, lasterketa bukatu eta ordu gutxira.

Ondo prestatuta iristen zinen, baina espero al zenuen horrelako emaitza?

Azken bi hilabeteetan erabaki nuen hemen, Donostian, egitea praktikak eta astebururo etorri naiz. Egon naiz 10-15 alditan hemen, entrenatzen. Entrenamenduetan azken 2 kilometroak egiterakoan pentsatzen nuen nola egongo zen hau dena jendez beteta. Eta kalkulatu nuen Aratzen ordubete eta 45 minutuan pasatzea, jaistean 2 ordu eta hamar minutu, eta kalkuluak baino azkarrago joan naiz. Beldur nintzen agian helmugara ez iristearekin, eta oso indartsu iritsi naiz. Azkenean, 37 segundo soilik atera dizkit bigarrenak. Oso pozik nago. Lasterketa ikaragarria egin dut; asko disfrutatu dut, ez dut sufritu. Jendea nirekin zegoen eta amestutakoa baino hobea izan da.

Soilik 23 urte dituzu, zure lehendabiziko Zegama-Aizkorri izan da…

Eta errekorra (barrez). Lagun pila bat hurbildu dira, familia osoa… Ez dut irabazi, baina sentitu dut publikoaren faboritoa nintzela. Banekien lehenengoa eta bigarrena oso indartsuak zirela eta niretzat hirugarren geratzea irabaztea bezalakoa izan da. Aurreko edizioetan, gainera, bigarrenak askoz alde handiagoa atera izan dio hirugarrenari eta gaurkoan soilik 37 segundo izan dira. Niretzat ikaragarria da.

Kontuan hartu behar da esperientzia handiko korrikalariak daudela Euskal Herrian bertan eta horiek atzean utzi dituzula, eta zu gailendu zarela euskaldun onena bezala.

Hori da. Espero baino hobeto aritu naiz. Ikaragarri disfrutatu dut. Hasi nintzen mendian korrika koronabirusaren ondoren, ikusi nuen Zegama-Aizkorriko bideo bat eta pandemiaren ostean, hemen egotea dortsalarekin, faboritoen artean eta hirugarren geratzea… pentsa!

Azken hilabeteak oso onak ari dira izaten zuretzat. Transgrancanaria lasterketa irabazi duzu, podiumean Zegama-Aizkorrin…

Parte hartu dudan lasterketa guztietan errekorra egin dut. Gaur egin dut, baina nire aurrekoek are gehiago ondu dute –2017ko Maite Maioraren denbora–. Iaz oso ondo ibili nintzen mendian baina aurten esperientzia handiagoarekin, urtebete gehiagorekin, oso ondo sentitzen naiz.

Nola kudeatu dituzu lasterketa honen atariko egunak? Urduritasunez?

Elkarrizketa pila bat eman dut, inoiz baino gehiago. Zegaman nago asteazkenetik, eta kalean jendeak argazkiak eskatu dizkit; inoiz ez zait halakorik gertatu. Elkarrizketa askotan agertzea, aldizkarietan, faboritoen artean kokatzea, presio apur bat bada, baina ondo kudeatu dut. Ondo sentitu naiz. Bada presioa, baina baita oparia ere.

Ondo egin al zenuen lo?

Ez, atzo [larunbatean] nire bihotza entzuten nuen nire buruan… Izerditan esnatu naiz, eta ohe guztia, bustita. Logelakideak esan dit gauez soinuak egin ditudala eta nik uste dut nerbioak zirela.

Ezagunago bilakatu zarela aipatu duzu. Salomon markaren parte izateak izango du zerikusirik, ezta?

Bai. Kirol honetan “social mediak” eragin handia du, eta Salomonek diru asko jartzen du honetan. Duela astebete dokumental oso txukuna atera zuten, “Go Sara” izenekoa. Eta gaur [igandean], jende pila bati entzun diot lelo hori.

Etorkizunean mendiaz eta mendi lasterketez disfrutatzen jarraitzeaz gain, profesionala izan nahi duzula diozu.

Bai, eta uste dut gaurko emaitzarekin urrats bat aurrera eman dudala. Duela pare bat urtetik hona, diru asko sartzen ari da, eta 23 urte ditut soilik; beraz, bolada ona hartu dut. Duela 30 urte pentsaezina zitekeen.

Eta izan al duzu erreferenterik?

Bai, Oihana Kortazar, gaur [igandean] helmugara zazpigarren iritsi dena. Asko poztu naiz berarengatik.

Aurten, zer geratzen zaizu edo zein da zure egutegia?

Orain Golden Train World Series zirkuitua egiten jarraituko dut. Mont-Blancekoan egongo naiz eta lehen eta bigarrenak egongo ez direnez, nire asmoa bertan irabaztea da.

Anbizio handia al duzu? Burugogorra al zara?

Bai. Korrikalari izateko burugogorra izan beharra dago. Bestela, inork ez zaitu bultzatuko 42 kilometro egitera.