Arnaitz GORRITI
Interview
MARTA ALBERDI
LOINTEK GERNIKA BIZKAIA-KO JOKALARIA

«Egoera ‘irreal’ honek ez digu normaltasunik izaten utzi urte osoan»

Neurri batean Meskonyte eta Ariztimuñoren lesioak direla eta, sekula baino gehiago jokatu du Gernikako hegalekoak, eta denboraldia nahi baino zailagoa izan da, Covid-19a eta Turkiako Çukurova Mersin taldearen kontrako kanporaketa gogor bezain ahaztezin hura tarteko. Hala ere, datorren urteko erronkei gogotsu eta baikor begiratzen die jokalari bizkaitarrak.

Denboraldi guztietan daude zailtasunak, baina Lointek Gernika Bizkaiarentzat, 2021/22 sasoia ez da erraz ahaztekoa izango. Covid-19aren erruz, abenduaren erdialdetik urtarrilaren amaierara bitartean ezin izan zutelako ia partidarik jokatu, baina batez ere, urtarrilaren 4an Çukurova Mersinen aurka, Turkian, pairatu behar izan zuten segada ahaztezin hura bizi behar izan zutelako.

Marta Alberdik sekula baino minutu gehiago jokatu ditu, eta maila hobetu izanaren pozarekin batera datorkio datorren urtean Europara eta Emakumeen Ligako lau onenen artera itzultzeko asmo sendoa ere.

Aurreko denboraldia ezohikoa izan bazen, hau ez dakit bada...

(Hasperen luzea) Iazkoa arraroa izan bazen, Covid-19agatik eta abarrarengatik, aurtengoa apur bat... “irreala” izan da (irribarrea). Covid-19a hartu genuelako denok, Turkian jazo zitzaigun harengatik, taldeak izan dituen gorabehera handiengatik... Denboraldia ez dugu nahi genukeen legez amaitu –Perfumerias Avenidaren aurka titulurako play-offetako final-laurdenetan erraz galduta–, baina sentsazioak nahiko onak izan dira azken partidetan. Beraz, horrekin geratuko gara.

Aurten play-offetara azken orduan zortzigarren sailkatzea ere ez da gutxi izan!

Hala da, bai. Egia da gure helburua beti lehenengo lauren artean geratzea dela, eta aurten ezin izan da, eta ikusi dugu Perfumerias Avenidaren kontra –gero txapeldun erraz atera dena– bi partida oso gogor izan ditugula. Gaur egun beste maila batean dagoen aurkaria da. Kopan sartzea eta play-offetan izatea gure helburuak ziren eta bete ditugu; baita Eurocupen paper txukuna egitea ere... Horrekin nahiko pozik gera gintezke, nire ustez.

Eta zeu? Zer moduz sentitu zara denboraldi honetan?

Iaz ongi sentitu banintzen, nik uste dut aurten neure jokoan salto bat eman dudala; bai jokoan, bai taldeak bat egiteko lanean ere. Batik bat arlo fisikoan salto handia eman dut eta jokoan ere ikusi da minutu gehiago izan ditudala. Alde horretatik, oso-oso pozik nago, gero eta gehiago ikasten ari naizelako.

Eta talde modura ere, maneiatzeko oso talde erraza izan da hau. Finean, nire betebehar nagusia, oraingoz, taldea animoz ondoegi egon ez denean altxatzen laguntzea izan denez, taldea batzeko lanean ere hobetu dudala uste dut.

Meskonytek eta Ariztimuñok min hartu izanak mesede egin dizute minutuak izateko orduan?

Lesioak ez dira sekula ere ongietorriak eta aurten bereziki, lesio mordoa izan dugu-eta. Hori horrela izanda, osasuntsu egon den jokalari bakoitzak aurrerapauso bat eman behar izan du. Taldeari zeozer eman diodala uste dut.

Zure helburua aurkariek zuri buruz «kontuz honekin» esatea da?

Bistakoa da emateko falta zaidan pauso handienetako bat erasoan dagoela. Saskia gehiago ikusi behar dut eta horretarako saskira gehiago begiratu behar dut. Baina, era berean, nik uste dut “atrebentzia” handiago hori minutuak jokatuta datorrela. Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta konfiantza handiagoa hartzen duzu zeure buruarengan, eta nik uste dut apurka hori ere izango dudala. Argi dut horretarako ere lan egin beharra dudala, eta egingo dudala. Ziur nago eguneroko lanari esker erasoan ere eraginkorragoa izango naizela aurrerantzean; ziur nago lortuko dudala.

Lau hilabeteko etena duzu orain hobetzeko, ezta?

Bai. Urtero moduan planteatu dut uda hau ere: Malosten prestatzaile fisikoarekin lan egingo dut, fisikoa hobetzen joateko pixkanaka, baita kantxan ere, jaurtiketan falta zaidan eraginkortasuna eta kenu tekniko horiek hobetzeko asmoz.

Horrek ez du esan nahi aldez aurretik idatzitako plan espezifiko bat dagoenik. Alegia, nik badakit zertan hobetu behar dudan eta hori landuko dut; lehen esan bezala, bi alor horietan. Bestalde, egia da Mario [Lopez] ere hemen ibiltzen dela, eta entrenamenduetan sartu ohi da, «hau hobetu dezakezu» edo «hau horrela egin beharko zenuke» esatera, adi egoten baita.

Europako ajeak...

Europan “Heriotzaren Taldea” egokitu zitzaion Lointek Gernika Bizkaiari, baina zailtasunak zailtasun, eta etxean irabazteko zailtasun handiak izan arren, Malosteko zaleek ahaztuko ez dituzten egunak ere bizi izan zituzten, baita Marta Alberdik ere.

Aurten zortzigarren amaituta, datorren urtean Europan ikusiko zaituztegu?

Bai! Kontua da ligaxkara sailkatzeko aurre-kanporaketaren bat jokatu beharko dugula ziurrenik. Gainera klubak Europan jokatzearen alde egin du apustua Maloste bete egiten delako Europako partidak jokatzen direnean. Lehiaketa oso polita da eta urtero lan ona egin izan dugu, gainera. Klubak ez dio aterik itxiko aukera horri.

Europan jokatu dituzue aurtengo partidatik onenak?

Ez nago ziur, baina izan liteke. Italian oso ongi jokatu genuen, nahiz eta jakin partida oso zaila izango zela. Nahiko ongi kontrolatu genuen neurketa hura eta biribila atera zitzaigun azkenean. Batez ere, etxetik kanpora oso maila ona eman dugu Europan: Ligan baino hobea, bai, behintzat. Baina lehiaketa oso ezberdinak dira eta jokoa ere oso da ezberdina. Denetarik egokitu zaigu, bai Europan, bai Ligan.

Akaso datorren urtean ez zarete taldeburu izango, baina aurkari errazagoak egokituko zaizkizue.

(Irribarrea) Taldeburu zarelako talde errazagoa egokituko zaizulakoan joan eta hara! Gero parean den horren kontra jokatu behar eta begira zelakoak egokitu zitzaizkigun... Baina aurrera egin genuen, behintzat!

Etxean irabaztea falta...

Horixe izan zen penarik handiena. Ez gugatik bakarrik: animoak ematera etortzen diren guztiengatik ere bai. Eta gero hasieran kaleratu egin gintuztela pentsatzen genuen: batek barruan geundela esaten zigun; hurrengoak, berriz, ezetz, kalean geundela... Alde horretatik, pozik azkenean, barruan amaitu genuelako.

Cecilia Zandalasini –Virtus Boloniako izarra– aurrean izandakoan, maila ona eman beharra zegoen. Argazkia eta autografoa eskatzera geratuz gero, jai dago!

Bistan da, bai! (Barrea) Esan beharrik ez dago aurrez aurre kantxan duzunean ez diozula antzematen zeinen aurrean zauden, nahiz eta gero «ene bada!» pentsatu. Beti ez gara kontziente zeinen aurrean gauden; batez ere, halako izarren baten aurka jokatzea egokitzen bada. Hotzean, bai: gero pentsatzen duzu neurri batean zorionekoak garela halako mailako jokalariak inguruan dauzkagulako, eta batez ere haiengandik ere ikas dezakegulako. Baina ez dago izarra izan beharrik: beste jokalariak neurketan nola mugitzen diren aztertuz, asko ikasten da.

Bideoan zeure burua ikusten duzunean...

Haluzinatu egiten dugu! (Barrea) Kosta egiten da sinistea batzuetan. Neurketak irauten duen bitartean, partida nola jokatu, horretan zentratuta gaudelako. Baina astebetera bideoa ikusten duzunean konturatzen zara nolako zortea izan duzun, baina baita zenbat ikas dezakezun ere.

Malosten, Mersin Çukurovari 83-59 irabazi zenioten. Hori ere ez al da gogoratzekoa?

Bai, noski! Dena atera zitzaigun eta partida biribilik izan bazen, huraxe atera zitzaigun biribil! Gehien gozatu dudan partida izan zen hura. Konturatu nolako aurkaria geneukan aurrean, nolako jokalariekin, batzuek WNBAn jokatzen dutenak, eta horiei 24 punturengatik irabaztea: ez dakit nola definitu ere, itzelezko ‘subidoia’ ez bada.

Turkiara gaur joango al zinateke?

Ez! Tira, joan bai, baina oporretan (Barrea). Txantxak albo batera lagata, han jokatzea egokituz gero, noski, baina atsekabez gogoratzen dut Turkiako kanporaketa hura. Guganako errespetu falta izugarria izan zen hura. Engainatuta sentitu ginen. Guk Malosten errespetuz irabazi genien, gure lan onari esker eta han guztiz kontrako zerbaitekin egin genuen topo. Ez genuen halakorik espero eta... pentsatzen jarrita, berriz ere Turkiara joatea egokituko balitzaigu, gogo handiagoz hartuko genuke eta aurten geratu zaigun arantza hori ateratzen saiatuko ginateke.

Erdi txantxetan Gerardo Candina presidenteak «eskerrak ez genuen kanporaketa irabazi» zioen...

Ez dut pentsatu ere egin nahi! Hesia ona zela, baina jendea gure kontra zarataka-eta aritu zen, eta hori bakarrik egin izan balu, gaitz-erdi! Ura, turutak... Denetik bota ziguten eta irabazi izan bagenie, ez dakit handik irteteko nola moldatuko ginatekeen!

Duela hiruzpalau urte Galatasarayren kontra jokatu genuen eta tira, ni publikoaren burrunba hark askoz gehiago ikaratu ninduen. Baina oraingo hau ez da zarata kontua; hori izan balitz, gaitz-erdi! Galatasarayren aurka ez genuen halako errespetu faltarik jasan, eta kontua horixe da. Momentu batean Turkiatik atera ezinik ere geratu beharko genuela pensatzera iritsi ginen.

Kontua da, bestela ere, Frantzian, Italian, Galatasarayren aurka Turkian... Oso talde onen kontra jokatu izan dugula eta Mersinen aurkakoa salbuespena izan zela. Gure aldetik, aurkariak errespetatzen jarraituko dugu. Gernika talde umila da, baina gauzak ondo egiten dituena, eta ondo egiten dituen gauzen artean dago jokalariak eta aurkariak ere errespetatzea.

Normaltasuna, helburu.

Europako trantzea pasatu eta gero, ia hilabetez jokatu ezinik izan ziren gernikarrak, eta martxoan berriz hamahiru partida jokatu behar izan zituzten atzeraturikoak berreskuratzeko, bidaia luzeak barne.

Datorren urtean, normaltasuna eta erregulartasuna bilatu beharko dira.

Ezin izan dugu erregularrak izan egoerak ez digulako utzi! Nik espero dut pandemia apurka hobera joango dela eta datorren denboraldia, klubak egin beharko dituen aldaketak gorabehera, «normala» izango dela, nahiz eta inork ere ez dakien zer gerta daitekeen... (Barrea). Baina aurten bizi izan duguna bizi eta gero... Azkenean Gerardok [Candina] eta Mariok [Lopez] talde ona osatuko dute eta aurrera jarraitu ahal izango dugu.

Bi urteren ondoren, berriz ere Miribillan jokatu duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?

Ez da, Maloste jokatzen duzunean bezala, etxean jokatzen duzula sentitzen, baina era berean zure jendearen aurrean jokatzen duzu. Oso esperientzia polita da eta plazer handia da jende gehiago gu animatzera sartu ahal izatea, eskertzekoa. Eta jokalari moduan, halako estadio batean, edo Fonteta, WIZink Center, Zaragozako Principe Felipen... halako estadioetan jokatzea betiko geratzen den oroitzapena da.

Eta taldeak aurten 25 urte bete ditu. Orain herriko taldea baino gehiago zaretela esan liteke?

Bai. Nik uste dut Emakumeen Ligan eta Europan ere ospea irabazi dugula eta horrek Gernikari, herri txiki bat den heinean, garrantzia ematen dio. Hain txikiak izanda, klub handi hau sortzea eta beste eskola eta klub txiki askoren erreferente bihurtzea, eta ez Bizkaian bakarrik, oso gauza handia da!