GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Errekorren joera erabat ezarri da zortzimilakoetan

Kristin Harilak sei zortzimilako igo ditu 29 egunean; Purja Everest eta Lhotselotzen azkarrena bihurtu da; eta Lhakpa Xerpak Makalu hirutan eskalatu du.


Azken urteotan, himalaismoaren kontzeptua aurpegi ezberdinak erakusten ari da. Espedizio komertzialak antolatzen dituzten agentzien agerraldi handiak zortzimilakoetan egiten diren jarduerak asko aldarazi ditu. Denboraldi berri bat iristen denean, erraldoi horien kanpaleku nagusiak zein bide klasikoek itxura berezia hartzen dute. Agentzien lanak, jakina, erabat “samurtzen” ditu mendizale horien helburuak. Bide bakoitza behetik gora soka finkoekin ekipatzen dute, oxigeno gehigarriaren erabilera masiboa da, mendi gidarien kopurua asko hazi da, taxi itxura hartu duten helikopteroak ugaritu dira…

Ekarpenaren norabidearen (bide berriak, errepikapen gogorrak…) alde egiten dutenak ia desagertu egin dira. Hots, mendi erraldoi horietan alpinismo teknikoa ia ez da praktikatzen. Lekukoa hartu dutenak errekor bila doazenak dira. “Alfonbra” luzatu eta errekorrak bata bestearen atzetik iristen dira. Jakina, arestian aipatu dugun panorama horrek erabat leuntzen du errekor zaleen bidea.

Kristin Harilari hori gertatu zaio. Sei zortzimilako igo ditu 29 eguneko tartean: Annapurna, Dhaulagiri, Kangchenjunga, Everest, Lhotse eta Makalu. 36 urteko norvegiarra proiektu handi batean buru-belarri dabil: munduko hamalau mendi garaienak eskalatzen azkarrena bihurtu nahi du. Ohore hori, momentuz, Nirmal Purjarena da. Nepaldarrak “hamalauak” sei hilabetean sinatu zituen.

Lehendabiziko etapan, bederen, Purjari aurreratu zaio Harila, nepaldarrak bi egun gehiago behar izan baitzituen sei zortzimilako igotzeko. Purjak bezala, norvegiarrak xede hori ahal den azkarren biribiltzeko oxigeno artifiziala, soka finkoak eta kanpaleku batetik bestera joateko helikopteroak erabili ditu. Eta, jakina, bere ondoan mendizale eta langile nepaldarrak ditu: Pasdawa Xerpa eta Dawa Ongju Xerparen babesarekin sinatu ditu. Zama guztia xerpa horiek eraman dute, eta, gainera, bidea urratu diote. Eta Harilak bezala, aipatu ditugun sei mendi horien tontorrak zapaldu dituzte, baita errekorrak lortu ere.

Aitortu behar da mendizale horren ibilbidea berezia dela oso. Zazpi urteren buruan urrats bitxiak egin ditu. Aulkiak egiten dituen enpresa bateko buru izan da. Baina lan hori utzi eta hamalau zortzimilakoetan azkarrena izateko proiektu batean borrokatzen ari da. Berez, kirolari petoa da. Iraupen-eskian elitean jardun zuen, baina 2015. urtean egokitu zitzaion zozketa batek bere bizitza irauli egin zuen. Kilimanjaro mendira (Afrika) joateko saria lortu zuen. Esperientzia ez zen batere ona izan; besteak beste, igoera horretan asko sufritu zuelako. Iaz, Harilaren izena indartzen hasi zen. Lhotse eta Everest lotzen emakumezko azkarrena (hamabi ordu) bihurtu zen.

Oraindik beste bi etapa itxi behar ditu. Lehena hasi du. Pakistanera bidaiatu eta hango ohiko denboraldian K2, Gasherbrum I eta II, Broad Peak eta Nanga Parbat poltsikoratzen saiatuko da. Hirugarren eta azken etapa udazkenean izango du. Manaslu, Cho Oyu eta Shisha Pangma zain izango ditu. Itxi berri duen etaparen inguruan, Harilak honakoa adierazi du: «Erakutsi nahi dut neskok ere gai garela mendi erraldoi horiek igotzeko eta Purjak egin zuena berdintzeko edo hobetzeko».

Purja berriro protagonista

Bien bitartean, Purjak marka berriak lortu ditu. Hamalau zortzimilakoen “lasterketa” horretan ez bezala, ez du oxigeno gehigarririk erabili. Lehen errekorrari dagokionez, esan behar dugu nepaldar honek Himalaiako hiru mendi garaienak (Everest, Kangchenjunga eta Lhotse) zortzi egunean igo dituela. Eta berriro diogu, lanean zela.

Bigarrena, Everesten eta Lhotseren arteko zeharkaldia da. Botilak alde batera utzi eta bi gailur horiek soilik 26 orduan lotu ditu. Zeharkaldi hori egiten bosgarren mendizalea da. Josef Just, Anatoli Bukreev, Mahdi Amidi Ahang eta Juan Pablo Mohr-ek osatutako “taldeari” Purja gehitu zaio. Baina jarduera hori egiten azkarrena izan da.

Lhakpa Xerpa ezin dugu aipatu gabe utzi. Amaitutako denboraldian, Everest hamar aldiz igo duen lehen emakumea bihurtu da. Munduko mendi garaienean lanean jarduteaz gain, Makalun hainbat talde gidatu ditu. Eta bitxia bada ere, 8.463 metroko garaiera duen mendi hori hirutan eskalatu du.