GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - ASOBAL KOPA

Finala galduta ere, Bidasoa-Irunek txapela kentzeko moduko denboraldia egin du

Irundarrek ezin izan zuten garaikurra altxatu detaileetan erabakitako finalean.Sierra, Ledo, Adrian Fernandez eta Kauldik azken partida jokatu zuten Bidasoan.


Denek zekiten zaila zela –ezinezkoa ez esateagatik– Barçari final batean irabaztea. Baina kirola hori ere bada, ezta? Saiatu, saiatu eta saiatu. Bidasoa-Irungo jokalariek dena eman zuten Kataluniako taldeari gailentzeko, baina horrelako talde handi baten kontra detaileek beste batzuetan baino garrantzia handiagoa izaten dute.

Lehen zatian, esaterako, epaileek pasibo bat adierazi zioten Bidasoari, irundarrek zutoinean bi aldiz jo zuten eta, hori gutxi balitz bezala, larunbatean protagonista izandako Iñaki Caverok bi penalti huts egin zituen. Faktore horiek gakoa izan ziren.

3-4koarekin Mikel Zabalak zutoinera bidali zuen jaurtiketa, 4-5ekoan Caverok penalti bat huts egin zuen eta 4-6koan Gorka Nietok baloia galdu eta Barçak 4-7koa egin zuen, hiru goleko abantaila hartuz. Eskerrak, larunbatean bezalaxe, Xoan Ledo agertu zen. Atezainak zapore onarekin esan nahi izan zion agur Bidasoari, eta sei geldiketa sinatu zituen lehen zatian bere taldeari eusteko. Kontrako atean, Perez de Vargasek ere bere lana egin zuen, bost geldiketarekin lehen ordu erdian. Atsedenaldira hiru goleko errentarekin joan ziren katalanak (14-17).

Bigarren zatia oso orekatua hasi zen. Bi taldeek golak sartu zituzten, lau goleko abantaila mantenduz, baina 18-22koarekin, Julen Aginagaldek huts egin zuen bere jaurtiketa eta hurrengo jokaldian Barçak bost goleko errenta ezarri zuen (18-23).

Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu behar izan zuen konponbideak bilatzeko, baina Aitor Ariño eta Ben Aliri esker zazpira igo zuten abantaila (18-25). Momentu horretan Kauldi Odriozola taldearen buru jarri zen eta bere golekin abantailak mantendu zituzten, baina katalanak pixkanaka aldeak handitzen joan ziren. Jose Manuel Sierra ere bereak egiten hasi zen atean, baina zortzi goleko errenta lortu zuten aurkariek (26-34) eta ondoren nahikoa izan zen euren 17. Asobal Kopa ospatzeko.

Katalanek titulua ospatzen zuten bitartean, Bidasoak zaleak agurtu zituen, eskerrak eman zizkien eta denboraldiari amaiera gazi-gozoa eman zion. Ez du titulurik irabazi jokatutako lau txapelketetan –Liga, EHF European League, Kopa eta Asobal Kopa– eta jokalari garrantzitsu batzuek taldea utziko dute. Baina oinarri sendoa dago, gazteak sendo datoz eta talde honekin disfrutatzeko momentu gehiago izango dira. Zorionak egindako lan bikainagatik!