GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Pro G-Land: Defay eta Robinson txapeldun, seigarren lehiaketan

Lehen mailako parte hartzaileen kopurua erdira jaitsi ostean, Indonesian egin zuten CT zirkuituko seigarren txapelketa. Johane Defay tahitiarra eta Jack Robinson australiarra izan ziren irabazleak; bigarren geratu ziren Carissa Moore eta Filipe Toledo, rankingetako buru.


Ekainaren 4an amaitu zen lehen mailako itzuliko seigarren txapelketa eta irabazleak Johane Defay tahitiarra eta Jack Robinson australiarra izan ziren. Bigarren postuan geratu ziren Carissa Moore hawaiiarra eta Filipe Toledo brasildarra dira, aldiz, gaur egun, nesken zein mutilen CT rankingetako buruak.

Lehiakide kopurua erdira jaitsi zenetik lehen txapelketa zen G-Landekoa eta, gainera, azken 25 urteetan mundu mailako txapelketarik izan ez duen leku mitiko batean lehiatu behar zuten CT itzuliko bigarren zatian lehiatzeko postua eskuratu zuten 12 neska eta 24 mutilek. Ondorioz, ikusmin handia zegoen.

Olatuek ez zuten asko lagundu: olatu txikiak izan ziren, baina lurretik abiatzen zen haize finari esker, olatu politak izan ziren. Bi metrotik gorako olatuak behar izaten dira G-Landen, ezker olatu luze eta biribilak izateko, baina ez zen behar adinako itsaskirik izan. Soilik mutilen lehen errondako txandetan izan ziren bi metroko olatuak eta leku mitikoak duen potentziala ikus zitekeen, baina orduek aurrera egin ahala, uhin lerroak murrizten hasi ziren.

Defay eta Robinson nagusi

Metro eta erdiko olatu garbi eta biribilak izan ziren finalen egunean. Halako baldintzetan olatuak oso azkarrak eta ibilbide laburrekoak izaten dira G-Landen eta oso sakonera gutxiko uretan lehertzen dira. Horrela, lehiakideek asko arriskatzen zuten eta sarri koralezko uharriaren gainean amaitzen zuten olatua, ia lehorrean.

Bost bider munduko txapelduna izandako Carissa Moore eta Johane Defay izan ziren nesken finalean. Defay indartsu hasi zen 6.5 puntuko olatu batekin, eta geroago 7.5 puntuko beste olatu bat egin zuen. Bere arerioak egin zuen finaleko olaturik onena, 8.5 puntukoa, baina bigarren olatu on baten faltan tahitiarra nagusitu zen; izan ere, Defayk 14 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta Moorek, ostera, 13.33 puntu.

Mutilen finala azken unean erabaki zen. Jack Robinsonek olatu bikain bat egi zuen txandaren hasieran, baina gero urautsian geratu zen olatu on baten zain. Artean Filipe Toledok olatu ederrak egin zituen eta lehen postuan zen finala amaitzeko minutu eskas bat falta zenean.

Robinsonek olatu bat hartu zuen finala amaitzera zihoanean, baina ibilbidearen erdian Toledo atxiki zen olatura, lehentasuna baitzuen. Dena dela, gibelean zen olatua hartu eta itzelezko birak egin zituen Robinsonek, amaiera iragartzen zuen klaxon hotsa entzuten zen bitartean. Horrela, ozta-ozta, baina garaipena eskuratu zuen surflari australiarrak.

Aldaketak rankingetan

G-Landen lortutako garaipenari esker, bost postu igo ditu CT rankingean Defayk eta gaur egun hirugarren postuan da. Carissa Moore bigarren postutik lehen postura pasatu da eta, aitzitik, Brissa Hennessy, Costa Ricako surflari gaztea, bigarren postura jaitsi da. Laugarren postuan Tyler Wright australiarra dago eta bosgarrenean, bost postu igo ostean, Tatiana Weston-Webb brasildarra.

Mutilen kategorian Filipe Toledok jarraitzen du CT rankingeko buru, baina gainontzeko postuetan aldaketa nabarmenak izan dira, Indonesiako txapelketaren ostean. Adibidez, John John Florence hawaiiarra bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da eta Jack Robinsonek hartu du bigarren postua.

Ethan Ewing australiarrak eta Italo Ferreira brasildarrak ere postu bat egin dute behera rankingean, eta gaur egun bosgarren eta seigarren postuan daude. Kanoa Igarashi japoniarrak, berriz, bi postu egin ditu gora eta lehen bost sailkatuen artean izatea lortu du.

Txapelketekin gainezka

Ekaina hasi besterik ez da egin, eta jada lehen mailako txapelketa bat egin da. Baina oraindik ere CT mailako beste bi txapelketa izango dira datozen egunetan. Lehen aldiz, El Salvadorren izango dira lehen mailako surflariak, ekainaren 12tik 20ra bitartean, eta horren ostean, Brasilera abiatuko dira, ekainaren 23tik 30era bitartean egingo den CT itzuliko zortzigarren txapelketara.

CT itzuliko bigarren zati honetan 12 neska eta 24 mutil ari dira lehian. Lehen zatian, nesken rankingean ari ziren 10 lehiakideak eta mutilen rankingean ari ziren 22 lehiakideak sailkatu ziren. Horiez gain, bigarren zatirako bi wildcard gonbidapen eman zizkieten Gabriel Medina eta Caroline Marksi, eta lehiaketako beste bi wildcard ere banatzen dira.

Iaz bezala, aurten ere Kaliforniako Trestles urautsian egingo den Final Handiarekin amaituko da CT itzulia. Zirkuituko hamaikagarren txapelketa izango da, eta soilik ranking bakoitzeko lehen bost sailkatuak lehiatuko dira 2022ko WST titulu mundiala irabazteko.