GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Malkoei eutsi ezinik agurtu du Mumbruk Bilbao Basket

13 urteren ostean utziko du talde bizkaitarra, antza denez, Valentziara joateko.


Malkoei eusten tarteka nahikoa lan izan zuen Alex Mumbruk atzo eguerdian agur esateko eman zuen prentsaurrekoan. Nahiz eta Isabel Iturbe Bilbao Basketeko presidentea eta Rafa Pueyo klubeko zuzendari nagusia ere bertan izan, Badalonakoa zen protagonista.

«Zaila da oraindik ere nire hiru seme-alabei bere laguntxoak hemen utzi beharko dituztela azaltzea bere aita beste norabait doalako», esan zuen erdi negarrez. Hamahiru urte eman ditu katalanak beltzezko gizonekin, aurreneko bederatzietan jokalari gisa eta entrenatzaile karguan azken lau urteetan.

«Taldea ekonomikoki bideratzen uzten dut eta Europan jokatzeko prest. Hauxe zen uzteko unea. Nire kamiseta –«15» zenbakikoa– eskegi nuen egunean erabaki nuen honek behar zuela azkena eta Aleix nire semeari esan nion. Heldu askok ez bezala, Aleixek sekretua ondo gorde du», esan zuen, hunkituta eta txalo artean.

«Beti izango zara gutariko bat», erantzun zioten Isabel Iturbek eta Rafa Pueyok, «eta Bilbo beti zure etxea izango da», gaineratu zuten.

«ACB Ligatik mailaz jaitsi ginenean taldeari iruzur egiten ari ginelako sentsazioa nuen. Horregatik, nahiz eta jokatzeari utzi, hemen jarraitzea erabaki nuen», azaldu zuen Badalonakoak. «Klubak asko arriskatu zuen nire aldeko apustua eginez, baina hurrengo urtean ACB Ligara itzultzea lortu genuen. Javi Salgado jokalari gisa erretiratzeko modurik onena aurkitu genuen eta betiere Miribillaren laguntzari esker, LEB Ligatik ACB Ligara igotzeko Lauko Finala bertan irabazita, harmailak goraino beteta zirela», jarraitu zuen entrenatzaile katalanak, 13 urte hauetan bizi izandako momenturik onenak eta txarrenak azaltzeko lanean.

«Hasiera eta amaiera»

«Luze eta ondo pentsatutako erabakia izan da», azaldu zuen Mumbruk. «Urte hauetan guztietan hiru seme-alaba irabazi ditut, eta, batez ere, bilbotar bat gehiago naizela sentitu dut, nahiz eta euskaraz nik nahi baino gutxiago ikasi», adierazi zuen. «Baina hasten den guztiak dauka amaiera ere eta behar bezala amaitzen jakin behar da».

Itxura guztien arabera, Valentzia Basketeko hurrengo entrenatzailea izango da Badalonakoa, nahiz eta oraindik ez den ofiziala. Edonola ere, LEB Ligan hasi zenean eskarmenturik gabeko entrenatzaile hasiberria zen eta orain, aldiz, talde handienak zain omen ditu.

Real Madril ezinbestean menderatu behar

Saski Baskoniak gaur gauean, 21.00etan, jokatuko du Buesa Arenan ACB Ligako finalerdietako hirugarren neurketa. Esan gabe doa nahitaez irabazi behar dutela Neven Spahijarenek, Madrilen jokaturiko bi partidak galdu ostean 2-0 aurka duelako kanporaketa talde gasteiztarrak.

Nekez aurkituko dute arabarrek Real Madril ahulagorik, ia antolatzailerik gabe eta Pablo Laso bera ospitalean dela –gutxienez, Zainketa Berezietatik gela arruntera pasatu dute entrenatzaile gasteiztarra–. Alabaina, Madrilen jokaturiko neurketetan baino itxura hobea eman beharko dute baskonistek.

«Energia handiagoarekin jokatu behar dugu. Zaila da hainbeste aldiz talde berberaren aurka jokatu ostean, aurkaria ezustean harrapatzea, baina Madrilen erakutsi ez genuen energia erakutsi behar dugu etxean», esan zuen atzo Simone Fontecchio hegalekoak.A. G.