GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Menendez eta Arrojeria binomioaren jarraipena, «Bera Beraren bihotza»

Zarauztarrak hamalaugarren denboraldia jokatuko du talde donostiarrean eta usurbildarrarentzat hamargarrena izango da.

Arrojeriak Bera Beran jarraituko du. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Bera Beraren bihotza dira», adierazi zuen atzo klubeko eskubaloi alorreko arduradun Tati Garmendiak taldeko kapitainez mintzatu zenean. Alba Menendez eta Esther Arrojeriak beste denboraldi batez «etxean» jarraituko dute eta hiru aldeak pozik agertu ziren berria iragarri zen prentsaurrekoan.

«Bilera bat eta erdi» behar izan zuen zarauztarrak hitzarmena berritzeko akordio ixteko; «batzar batekin nahiko» izan zuela zehaztu zuen barre artean Usurbilgoak. Erraza izan zela berretsi zuen Garmendiak eta biek ala biek argi utzi zuten ez dutela beraien burua beste inon jokatzen ikusten.

Hamalau denboraldi dira jada Menendezek Bera Beran beteko dituenak eta ez da meritu makala hainbeste urte goi mailan jokatzen aritzea. Iritzi du zerbaitean hobetuko zuela, derrigor, «17 urterekin iritsi nintzen taldera eta egun 30 baititut!». Hain zuzen ere, Tati Garmendiak jokalari bezala taldean eman zuen azken urtean iritsi zen zarauztarra, eta arduradunak berretsi zuen asko hobetu duela: «Defentsan ezinbestekoa da eta, erasoan animatzen denean, beti aportatzen du».

Arrojeriarentzako ere hitz onak eduki zituen. Bere kirol ibilbidean heldutasunera iritsi delakoan da eta, urtez urte, «ardura gehiago» hartzen dituela. Era horretan, ea bere unerik gozoenean dagoen galdetuta, usurbildarrak zalantza egin zuen, baina ez zuen ezkutatu aurten «eroso» sentitu dela eta alboratuta zituen zenbait fazetarekin «berriro ausartu» dela.

«ZORTEDUNAK»
 

Egungo Bera Bera ez da ulertzen Alba Menendez eta Esther Arrojeria gabe. Klubak irabazi dituen zortzi liga garaikurretan taldean egon dira bi gipuzkoarrak -orotara, 21 eta 18 garaikur irabazi dituzte, hurrenez hurren- eta ,horregatik, hain zuzen ere, taldearen muina dira. Bi gipuzkoar taldearen erreferente izate hori garrantzitsutzat du usurbildarrak, eskubaloian dabiltzan neska gazteek ikusi dezaten posible dela elitean jokatzea eta talde txapeldun batean lekua izatea. Horrez gain, zortedun sentitzen da «etxean, familia eta lagunetatik gertu» goi mailan jokatzeko aukera daukalako. Modu berean mintzatu zen Menendez, «ezer gehiago» eskatu ezin duela ziurtatuz. Zaila da hamalau urtez elitean lehiatzea, baina etxean izanda eta «gainera, tituluak irabazten», malda lausotu egiten dela onartu zuen.

Lana gogor egin behar izan dute biek eta oraindik ere, Menendezek adierazi zuenez, lanean jarraitzen dute «ahalik eta minutu gehien jokatzeko». Taldearen lehiakortasuna onuragarri zaiela uste du zarauztarrak. Hala, Paula Arcos lehen lerroko jokalariaren fitxaketa taldearentzat albiste ona dela esan zuen usurbildarrak: «Mugikortasun handiko jokalaria da eta baloi gabe ere ondo moldatzen da».

Bera Berak Giuliana Gavilan eta Anne Erauskin ere fitxatu ditu eta, Garmendiak azaldu zuenez, ezustekorik ezean, taldea osatuta dago. 15 jokalariko taldea izango du Imanol Alvarezek datorren denboraldira begira. Txapelketa gero eta lehiakorragoa izango dela aurreikusten dute eta dena irabazteko asmoa berretsi zuten.