Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Denaliko «Slovak Direct» 21 ordu eta 35 minutuan

Alan Rousseau, Matt Cornell eta Jackson Marvell alpinistek denbora ikaragarria egiten dute bide klasiko ezagunean.

Denaliko (6.190 m, Alaska) bide klasikoan makina bat abiadura errekor egin dira. Hori egitea (eta entzutea) oso ohikoa da. Baina Alan Rousseau, Matt Cornell eta Jackson Marvellek osatutako sokadak “Slovak direct” marran (M6+, WI6, 5.9X, 2.700 m) egin berri duena hitzekin adieraztea zaila gertatzen da oso. Joan den maiatzaren 20an, hirukote horrek teknikoki zaila eta zorrotza den ibilbide hori 21 ordu eta 35 minutuan eskalatu zuen.

Alpinistok duten gaitasunaren eta sasoiaren inguruan inork ez du galdera ikurrik jartzen. Alpinismoan zailduak dira, eta ondo baino hobeto erakutsi dute nortasun horretako bide batean gai direla denbora ikaragarri bat ezartzeko.

Gogoan dugu 2000. urtean Scott Backes, Steve House eta Mark Twight alpinista handiek, igoera espres baten ondoren, 60 orduko marka jarri zutela. Alpiniston maila ikusita, lasai asko aitor genezake inor ez zuela ezustean harrapatu. Gogoan dugu ere Bru Busom eta Marc Toralles katalanek marra bera errepikatu zutenean, marka bat ezartzeko asmorik ez zutela izan onartu zigutela; hala, eginiko denborarekin (lau egun), oso gustura zeuden.

Bada, irakurritakoak irakurrita, irakurleak ondorioak atera ditzala lerrootako protagonistek Amerikako mendi garaieneko marra zailenetarikoan egindako denboraren inguruan. Eskalada gogorra eta zailtasunean iraunkorra da, arriskutsua (VI Alaskako eskalan); izotzean sekzio oso bertikalak ditu eta arroka txarra. Gainera, mendiaren goialdetik erretiratzea ia ezinezkoa da. Hori guztia jasotzen du “Slovak Direct”-ek. Eta, horregatik, ulertzekoa da 40 urteko historian soilik dozena bat igoera ezagutu izana bideak.

Marvellek aurreratu du xedea aspalditik zuela buruan iltzatuta: «Alaskan eskalatzen hasi nintzenenetik izan dut ‘Slovak Direct’ buruan. Duela hiru urte, nire asmoen berri eman nion Alani. Horrekin batera, esan nion Alaskako Hiru Handiak [Mt. Hunter, Mt. Foraker eta Denali] lotzea erronka ederra izango zela. Gainera, bide teknikoetatik. Baina pandemiarekin gure planak bertan behera geratu ziren. Iaz, berriz, Hunter-eko ‘Moonflower Buttress’ 16 orduan igo genuen. Eta Foraker-eko ‘Infinite Spur’ egun batean. Denaliko ‘Slovak Direct’-era ere joan ginen, baina eguraldi kaskarrak bertan ez sartzera behartu gintuen hiru aldiz. Izaera horretako eskalada bat egiteko, leiho perfektu bat behar genuen».

Bikoteak, baina, ez zuen etsitzeko asmorik, eta aurten helburu berdinarekin aritu da, Cornell ere batuta. Marvellek berak aitortu du hiru urte zeramatzatela proiektua biribiltzeko entrenamendu saio gogorrak egiten. Gogoratu behar dugu bidearen luze gogorrena M8 dela, baina sokaburu oraindik inork ez du egin: «Gimnasioan eta rokodromoan asko entrenatu dugu, eta argi genuen eraginkor izateko arrokazko hormatzarretan elkarrekin asko eskalatu behar genuela. Yosemiten, adibidez, ‘The Nose’, ‘Lurking Fear’ eta ‘Zodiac’ igo ditugu. Bide batez onartu behar dut House, Twight eta Backesek asko inspiratu gaituztela. Haiek 60 ordu behar izan zituzten, eta guk 30 egitea espero genuen. Aitzitik, ez da haien kontrako lehiarik izan. Gure mugak gainditzeko prest ginen, eta, gainera, Denalik duen marrarik ederrenetariko batean».

Hiru sekzio

Jakina, egindako jardun azkarra biribildu ahal izateko, taldeak tresneria oso arina erabili zuen: pare bat soka, friend batzuk, izotzerako hamar torloju... Eskiekin hurbilketa bidea egin ondoren, maiatzaren 20an, errimaia gainditu eta “Slovak Direct”-en sartu ziren. Taldeak jarduna hiru sekziotan banatu zuen. Rousseau errimaia eta zintzilik dagoen glaziarraren arteko tartean joan zen sokaburu. Marvellen ardura mistoko eta izotzezko sekzio gogorrenak izan ziren. Eta hortik gailurrera Cornell joan zen aurretik.

Marvellek adierazi du soilik hiru luzetan aseguratu zirela; gainerako tarteak ensanblean egin zituzten: «Estrategiak berebiziko garrantzia izan zuen hain azkar igotzeko. Cornellek, adibidez, ordu eta erdi behar izan zuen artifizialezko luze bat librean igotzeko. Hori izan zen ‘arazo’ bakarra. Hain azkar joateko eta sokaburua babestu ahal izateko, ‘mikro’ bat erabili genuen. Eskalada guztia oso ondo joan zen. Izotzezko sekzioak bikainak baina bikainagoak ziren. Tontorretik gertu geundela, erritmoa pixka bat mantsotu genuen. Hirurok ala hirurok lan ederra egin genuen. Oso motibatuta egoteaz gain, ikusi nahi genuen erritmo bizi bat eramateko gai izango ote ginen. Emaitza, berriz, ikusgarria izan da. Uste nuen eskalada honek Foraker-ekoak baino askoz gehiago eskatuko zigula. Denalikoa zailagoa izan da; Foraker-ekoak, aldiz, abenturan zuen giltza».

Hori guztia esan eta gero, Marvellek gehitu nahi izan du Roussseaurekin duen harremana erabat sendotu duela Denalin egin berri duten eskaladak: «Alaskan makina bat igoera egin ditugu elkarrekin. Gogoan dut 2018an Mt. Bradleyn eginikoa. Alanek istripua izan zuen. Hain zuzen, izotz puska batek begi batean jo eta ikusmena galdu zuen. Baina bere jarrera, berezia izateaz gain, txalogarria ere bada. Eskalada utzi ordez, aurrera jarraitu eta barruan sugar sendoa piztu zitzaion».

Taldeko hirugarren kidearentzat, Cornellentzat, honako hitzak izan ditu: «Jacksonekin soka gerrira lehen aldiz 2019an lotu nuen. Kurt Toss-ekin Pakistanera joan ginen, eta Sherpi Kangri II mendiaren (7.000 m) lehen igoera sinatu genuen. Denaliko jarduera egiteko kide ona zen; behin baino gehiagotan frogatu du goi mailako alpinista dela. Aukera hau ez zuen galdu nahi, eta onartu dit izaera honetako eskaladei lehentasuna ematen diela. Gainera, hiruko sokada bat ondo ikusten zuen. Badirudi hiru izateak ‘arazoak’ sor ditzakeela, baina, era berean, ardurak eta lanak partekatzeko askoz ere egokiagoa da».

Zalantzarik gabe, Rousseau, Cornell eta Marvellek talde sendoa osatzen dute. Eta Denalitik itzuli ostean pronto dira beste espedizio bat egiteko. Hain zuzen ere, heldu den irailean hirukoteak Nepalera bidaiatzeko asmoa du. Esku artean xede handi bat dute: Jannu mendiaren iparraldeko aurpegia. Alpinistok baieztatu dute oso motibatuta daudela: «Denalin erakutsi dugu oso eraginkorrak izan gaitezkeela;, bikain funtzionatu du gure hiruko taldeak. Gaitasuna dugu hormatzar tekniko eta zail batean azkar eskalatzeko, eta Jannun ere hori indarrean jartzen saiatuko gara».