Surflari ernegatua

Kostalde aberatsa

Surfaren maila orokorra asko igo da azken bi hamarkadetan. 80ko eta 90eko hamarkadetan surflari profesionalek olatu luzeak bilatzen zituzten. Horregatik, asko izan ziren Lapurdin etxea erosi zuten surflari ezagunak; Tom Curren, Gary Elkerton, eta Richard Marsh, kasu. Badira oraindik Ipar Euskal Herrian bizi diren garai hartako surflari profesional ohiak ere.

Egun, ordea, surflari profesionalek olatu borobil eta arriskutsuak maite dituzte. Duela bi hamarkada ezinezkoak ziruditen olatuak mendean hartzen dituzte eta tubo sinestezinak egiten dituzte. Horrela, duela bi hamarkada surflari profesionalentzako egokiak ziren olatu luzeak zaharkituak geratu dira eta, egun, urautsi haiek maila ertaineko surflarientzako urautsi bilakatu dira.

Maila orokorrak eta surflari kopuruak gora egin duten heinean, turismoa erakartzeko leku bakoitzak bilatzen duen profila ere aldatu da. Batetik, hasiberrientzako hondartza egokiak dituzten kostaldeak daude; bestetik, maila ertaineko surflarientzako olatu luzeak eskaintzen dituzten lekuak, eta azkenik, olatu zailak dituzten eremuak. Hiru multzo horietatik jende gehien erakartzen duena lehen multzoa izan da orain arte, baina maila ertaineko surflarientzako turismo eredua ere hazten ari da eta litekeena da urte batzuen buruan hasiberrientzakoak baino jende gehiago mugitzea.

Hirugarren multzoak, ostera, turista gutxiago erakartzen ditu, baina munduko txapelketak egiteko leku aproposak izaten dira. Ospe handia hartzen duten lekuak dira, eta, halakoetan, masa turismoa baino «kalitatezko turismoa» sustatzen da. Gainera, lekuari fama olatuak ematen dion arren, olatua bere onenean ikustea oso zaila izaten da, baldintza oso zehatzak behar izaten baitira olatuek behar bezala funtzionatzeko. Gurean, Mundaka da horren adierazle argiena.

Euskal Herrian hiru multzoak asetzeko adina potentzial daukagu. Sopela, Deba eta Hendaiako hondartzak, esaterako, egokiak dira surf egiten ikasteko. Olatu luzeak eskaintzen dituzten urautsiak ere badira, baina bertako surflariek zaindu nahi dituzte. Ulergarria da, baina denbora kontua da urautsi kuttun hauek ere masifikatzea. Eta azkenik, Mundakarekin batera, olatu handietako urautsiak daude, mundu osoko gero eta surflari gehiago erakartzen dituztenak. Ez naiz turismo masiboa sustatzearen aldekoa, inondik inora, baina uste dut eremu horretan egiten dena egiten dela nazio ikuspegi batetik egin behar dela, zeren Euskal Herriko kostaldea bere osotasunean oso aberatsa da, baldin eta bitan zatitzen ez bada.