GARA
TOLOSA
MENDI MARATOIA

Pkemboi eta Mayi Mujika garaile Tolosaldeko Hiru Tontorrak lasterketan

Pkemboi keniarra, helmugara iristen.
Pkemboi keniarra, helmugara iristen. (Gorka RUBIO FOKU)

Robert Pkemboi kenyarra nagusitasun osoz gailendu zen Tolosaldeko Hiru Tontorrak mendi maratoian. 43 kilometroko ibilbidea eta 2.800 metroko desnibela lau ordu baino gutxiagoan egin zuen korrikalari afrikarrak. 3 ordu, 56 minutu eta 29 segundoan iritsi zen Tolosako helmugara, hain zuzen ere. Matthew Kiptanui herrikideak, berriz, ezin izan zuen lasterketa amaitu, Uzturre menditik jaisterakoan orkatila okertu baitzuen. Iñaki Olano izan zen bigarren eta Hassan Ait Chaou billabonatarrak lortu zuen hirugarren postua.

Emakumezkoen lasterketan ere Mayi Mujika hasieratik nagusitu zen. Elgoibarren bizi den korrikalariak 4 ordu, 54 minutu eta 14 segundoan bete zuen mendi maratoiaren ibilbidea. Nerea Amilibia zarauztarra bigarren izan zen ordu erdira eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra, hirugarren, ordubete eta 18 minutura.