Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Surf City El Salvador Pro: lehen aldiz CT zirkuituko surflariak lehiatuko dira

Atzo hasi zen CT zirkuituko zazpigarren txapelketa eta lehen aldiz Erdialdeko Amerikako eskuin olatu hoberenetako batean lehiatuko dira. Ekuatoretik gertu izateak itsaski handien indarra apaltzen du eta leku egokia da hasiberrientzat.

Irudian ikus daitekeenez, La Libertad hondartzak Malibuko hondartzaren antz handia du.
Irudian ikus daitekeenez, La Libertad hondartzak Malibuko hondartzaren antz handia du. (WSL)

Atzo hasi zen El Salvadorren CT itzuliko zazpigarren txapelketa, Surf City El Salvador Pro. Lehen aldiz CT zirkuituko lehiakideak Erdialdeko Ameriketan dagoen eskuin olatu hoberenetako batean lehiatuko dira. Guztira 24 mutil eta 12 neska izango dira, baina ez da izango El Salvadorren mundu mailako txapelketa bat egiten den lehen aldia, azken urteetan ISA erakundeak herrialdeen arteko zenbait txapelketa garrantzitsu ere antolatu baititu bertan. Esaterako, joan den ekainaren 5ean amaitu zen Munduko Junior Txapelketa.

Olatu bikainak eskaintzen dituen kostaldea izan arren, duela gutxi arte surfak ez zuen indar handirik El Salvadorren, baina denbora gutxian indar handia hartu du; besteak beste, Gobernuak turismoa sustatzeko bitarteko garrantzitsua dela ohartu zenetik “Surf City” izeneko plan estrategikoa abiarazi zuelako.

Mundu mailako txapelketek El Salvadorreko kostaldeak duen potentziala agerian utzi dute eta edozein mailatako surflarientzat surf egitera joateko ezinbesteko jomuga bilakatu da. Izan ere, esperientzia gabeko zein esperientzia handiko surflarientzako urautsi egokiak daude baina, batez ere, maila ertaineko surflarientzako kostalde bikaina da, zailegiak ez diren olatuak eskaintzen baititu El Salvadorreko kostaldeak.

OLATU EDERREN ZAIN

Esan bezala, ez da izango mundu mailako txapelketa bat El Salvadorren egiten den lehen aldia, baina bai CT itzuliko txapelketa bat egiten dena. Egunotan Punta Roca izeneko eskuin olatuan lehiatuko dira lehen mailako zirkuituko bigarren zatira pasatzea lortu duten lehiakideak eta ikusmin handia sortu da; izan ere, munduko surflari ezagunenak El Salvadorren surf egiten ikusteko aukera paregabea izango da.

Aitzitik, bada WSL erakundeko arduradunei kezka eragiten dien kontu bat: Behar bezalako itsaskirik izango ote da? Urteko sasoirik onenean munduko edozein lekutan antolatutako edozein txapelketatan gerta daiteke olaturik ez izatea, baina leku batzuetan aukera gehiago izaten da beste batzuetan baino.

El Salvadorren kasuan, txikiak izan arren olatuak maiz izaten dira; ia egunero surf egin daiteke. CT itzuliko txapelketa bat egiteko gutxieneko baldintzak izatea, ordea, beste kontu bat da, mundu osoko milioika ikusleren espektatibak asetzeko surflari onak bakarrik ez, olatu onak ere behar baitira.

Apirila eta maiatza dira El Salvadorren surf egiteko hilabete hoberenak; sasoi horretan jasotzen ditu kostaldeak hegoaldetik datozen itsaski indartsuak. Ekainetik urrira bitartean ere olatu ederrak izaten dira, baina itsaski indartsu bat izateko aukerak murriztu egiten dira. Azarotik martxora bitartean, ostera, itsaskiak eskasagoak izaten dira.

Itsaskiak ez dira Euskal Herrian bezain handi eta indartsuak; izan ere, Ekuatoretik hain gertu egoteak itsaski handien indarra apaltzen du. Itsaski handi batekin hiru metroko olatu ederrak izan daitezke, baina halako egunak ez dira maiz izaten. Ondorioz, hasiberri eta maila ertaineko surflarientzako leku egokia da El Salvador herrialdea.

Esperientzia handiko surflariek ere olatu luze eta ederrak topa ditzakete El Salvadorreko kostaldeak dituen 321 kilometroetan eta, gainera, uraren tenperatura oso atsegina da. Bi eremutan banatzen da El Salvadorreko hegia, mendebaldean eta ekialdean. Mendebaldean azpiegitura gehiago dago, turismoa erakartzeko ongi antolatua dagoen ingurua da eta urautsi ezagunenak bertan daude. Ekialdean, aldiz, azpiegiturak urriak dira eta hondartzetara iristeko sarbideak sarri itxiak izaten dira. Edonola ere, bi eremuetan olatu oso onak topa daitezke, baina ekialdean surflaria lasaiago ibiliko da.

Surfa El Salvadorren

Azken hamarkadan egin dira ezagun El Salvadorreko eskuin olatu luzeak, baina aspaldi hasi ziren bertako surflariak kostaldeak eskaintzen dizkien urautsi ederrekin gozatzen. Surfari lotutako edozein historia kontatzeko orduan surflari estatubatuarren izenak eman ohi dira, eta El Salvador ez da salbuespena baina, egiazki, lehen surflariak bertakoak izan ziren.

Kalifornian eta Floridan ikasketak egin zituzten bertako gazteak izan ziren lehenak surf egiten. AEBetan ikasitakoa beren herrialdean ere egin zitekeela iritzita, El Sunzal eta La Paz hondartza lasaietan saiatu ziren lehen aldiz eta, horrela, bertako igeriketa elkarteko kideen artean hedatu zen kirol berria.

Geroago, 60ko hamarkadaren hasieran, AEBetatik surflari ilehoriak iritsi ziren Volkswagen ibilgailuetan eta El Salvadorren olatu ederrak zirela zabaldu zen surflari estatubatuarren artean. “The Big Wednesday” filmaren zuzendariak ere izan zuen Amerika erdialdeko olatuen berri eta La Libertad hondartza ezagutu zuenean bertan irudiak hartzea erabaki zuen; izan ere, Malibu hondartzaren antz handia du eremuak.

Horrela, 1977. urtean La Libertad hondartzako eskuin olatuetan surf egitera abiatu ziren Gerry Lopez, Peter Towned eta Bell Hamilton, eta surfaren historian izan den film garrantzitsuenerako irudiak filmatu zituzten bertan.

Horren ostean, gerra etorri zen. 1980. urtetik 1992. urtera arte arte oso gutxi izan ziren surf egitera ausartu ziren surflariak, eta etenaldiaren ostean, berriz ere surflariak agertu ziren, baina batez ere kanpotarrak; izan ere, bertakoek oraindik ez zuten oso ongi ulertzen surfa zer zen. Surflari ilehori haiek alfer hutsak ziren biztanleen begietara.

Hala ere, gerra amaitu ostean kirol ekitaldiak ugaritu egin ziren, baita surfean ere. 1998an ALAS surflari profesionalen Latinoamerikako elkartea sortu zen eta bost herrialdetako ordezkariekin txapelketa gogoangarria egin zuten Punta Roca urautsian.

Pixkanaka biztanleak begi onez ikusten hasi ziren itsas kirola; turistak erakartzeko potentzial argia zegoela iritzi zioten. Aldiz, oraindik ez zuten Gobernuaren laguntzarik; horregatik, enpresari txikiak eta bertako surflariak beren kabuz jardun ziren bertaratzen ziren surflarien betebeharrak ase ahal izateko azpiegiturak osatzen. Oso mugatuak izan arren, lan handia egin zuten.

Surf City egitasmoa

Nayib Bukele El Salvadorreko presidente hautatu zuten 2019ko ekainaren 1ean eta bera izan zen “Surf City” egitasmoa aurkeztu zuena. Aurrerantzean surfa sustatzeko egitasmo orok Gobernuaren sostengua izango zuen eta, gainera, turismoa indartzeko plan estrategiko baten baitan urrats berriak ere iragarri ziren.

Ordutik oso denbora gutxi pasatu da, baina jada lehen urrats garrantzitsuak egin direla bistakoa da eta ondorioak ere nabarmenak dira. Lehen urratsa ISA erakundearekin harremanetan jarri eta txapelketak antolatzea izan zen. Esaterako, iaz, Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi zuten surflarientzako azken txapelketa erabakigarria El Salvadorren egin zen.

Punta Rocan egin den azken txapelketa garrantzitsua joan den astean egin zuten, ISA World Junior Championship. Guztira 45 naziotako 419 ordezkarik parte hartu zuten, eta, horri talde bakoitzak izaten dituen entrenatzaile, ordezko eta laguntzaileak gehitzen badizkiogu, jende multzo handi bat hartzeko azpiegiturak prest direla ohartuko gara. Duela urte gutxi ezinezkoa izango zatekeen halako txapelketa bat egitea.

Era berean, egitasmo honek izango du surflarientzako beste onura bat, orain arte ahaztua zirudien ekialdeko kostaldean ere surfaren bidez turismoa sustatzeko azpiegiturak eraiki eta bertaratzea errazteko bitartekoak eskaintzeko xedea erakutsi baitu gobernuak. Urrats horrek, noski, bertako biztanleentzat ere onurak izango lituzke.