GARA Euskal Herriko egunkaria
GOLFA

Jon Rahm txapelduna, aurkari denen eta Saudi Arabiako diruaren aurka

Urteko hirugarren txapelketa handia jokatuko da gaurtik igandera bitartean Massachusettsen eta bizkaitarrak iazko titulua defendatuko du.

Jon Rahm, Brooklineko zelaian entrenatzen. (Warren LITTLE | AFP)

Gaurtik igandera bitartean laugarren aldiz jokatuko da US Open-a Brooklineko The Country Club-en, eta Jon Rahm bizkaitarra titulua defendatzera aterako da. Urte asko pasatu dira, 34 hain zuzen ere, Massachusettseko zelai tradizional, historiko eta karismatiko horrek urteko hirugarren txapelketa handia azkenekoz hartu zuenetik. 1988an izan zen, Rahm jaio baino sei urte lehenago.

Barrikako golf-jokalariak major bat du bere garaipen zerrendan; hain zuzen, iaz San Diegon lortutakoa, eta aurten, beraz, aurkari guztiak izango ditu kontra. Beste faboritoak hauek dira: Rory McIlroy iparrirlandarra -aurreko asteburuan RBC Canadian Open-a irabaztetik dator-, Justin Thomas estatubatuarra -aurten Tulsan jokatutako PGA Championshipa irabazi zuen-, Scottie Scheffler herrikidea -munduko lehen sailkatua-, Brooks Koepka -oso ondo lehiatzen da US Openetan, 2017ko txapelduna da eta beste bi alditan irabaztetik gertu egon da-, Phil Mickelson eta Dustin Johnson.

Rahmek ez ditu jokalari horiek soilik aurkari izango. Askoren ustez, txapelketa honek Saudi Arabiak sortu duen -eta dirutza jarri- LIV Golf Ligaren aurrean sortutako iskanbila baretzeko balio lezake. Rahm Brooklinen entrenatzen aritu da egun hauetan eta PGA Tour-aren defendatzaile sutsu gisa agertu da. «Hiru egun, eta inor kanporatuta geratu gabe, niretzat ez da txapelketa bat. Sinplea da kontua. Ehunka urteetan existitu den formatu batean munduko onenen aurka lehiatu nahi dut», azpimarratu du.

Diruari dagokionez, argi dauka: «Dirua oso ondo dago, baina 400 milioi dolar irabaziko banitu ere, ez litzateke nire bizitza estiloa aldatuko. Oraintxe bertan egin dudanarekin golfa utz nezake bizitza zoriontsu bizitzeko eta ez nintzateke golfean gehiago arituko. Egia esanda, inoiz ez dut arrazoi ekonomikoengatik jokatu. Kirol honekiko dudan zaletasunagatik egiten dut».