Maider IANTZI GOIENETXE

«Lur gainean, itzal azpian», emakume nekazariak estereotipoen estalkirik gabe

Josebe Blancok adierazi bezala, emakume nekazarien ahotsak beren eztarriak behar ditu, bestela tonua galduta dator. Afinatzaile trebeen gisan, Leire Milikuak mimoz jaso ditu euren hitzak.

Mahaian, ezker-eskuin, Josebe Blanco, Leire Milikua eta Jule Goikoetxea, «Lur gainean, itzal azpian» obra aurkezten.
Mahaian, ezker-eskuin, Josebe Blanco, Leire Milikua eta Jule Goikoetxea, «Lur gainean, itzal azpian» obra aurkezten. (Maialen ANDRES | FOKU)

Leire Milikua Larramendik idatzitako saiakera da “Lur gainean, itzal azpian. Emakume nekazariak eta parte hartzea”. Lisipe bildumako ale berria, hamabigarrena, Susarekin plazaratua. Atzo aurkeztu zuten, Donostian, «geldirik egoten ez dakiten» hiru emakumek: idazleak, Josebe Blanco nekazariak eta hitzaurrearen egileak, eta Jule Goikoetxea bildumaren arduradunak.

Liburu honetan emakume baserritar askoren ahotsak bilduta daude. Blancoren hitzetan, «aukera ezin hobea da gu deskubritzeko, estereotipoen estalkia kenduta». Izan ere, azpimarratu zuenez, «hiritik eta hirirako bizi den mundu honek ez gaitu ikusten, inondik inora».

Idazleak adierazi zuenez, «modu asko daude kolektibo horren alde egiteko, eguneroko erosketetatik hasi eta iruditeria hedatzeko diziplina sortzaileetan toki bat emateraino. Sektorea ez dago bere onenean, parte hartzea ez dago bere onenean, emakume izatea ez da izan onenaren sinonimoa, eta emakume hauek hor daude eta gure ardura da beraiek ikustea, itzaletik ateratzea, erdira ekartzea, behar-beharrezkoak ditugulako».

Obra honek gure begirada argitzeko, zabaltzeko eta eraldatzeko balio izatea desio du, eta liburuek duten gaitasun hedatzailearen bitartez kontatutakoak mintzagai bihurtzeko ere bai.

1985ean sortua, Arkitektura ikasia, hainbat eremutan ibilia da Milikua, agroekologian eta genero berdintasunean, besteak beste. Begirada poliedrikoa aldarrikatzen du sutsuki, eta alderdi ezberdinak uztartzen dira liburuan ere. «Emakumeak patriarkatuan bizi dituen biolentzia ezberdinak landa eremura ekartzen ditu, batez ere sinbolikoa», azaldu zuen Goikoetxeak.

«Hiritik irakurtzen bagaituzu, ezustekoak hartuko dituzu. Hori nahi dugu, harridura», nabarmendu zuen.

Leiho eta bozgorailu

«Liburu honek izan nahi du leiho eta bozgorailu», agertu zuen egileak. Hiru atalek eratzen dute. Lehenengoa, “Lur gainean”, begirada enmarkatzen den leihoa da. «Paisaiak beti dira ispilua eta isla; eta gaur egun begiratu egiten dugu, baina ez dugu asko ikusten, are gutxiago ulertzen».

Nekazari emakumeak dira protagonista obran, «baina nekazaritza jarduera nagusi duten zenbat emakume ezagutzen dituzue?», galdetu zuen Milikuak.

Hiru aldiz subalterno

Esan zuenez, hiru aldiz dira ertzekoak; landatarrak, nekazariak eta emakumeak direlako. Era berean, funtsezkoak dira. «Baina ez ditugu aliatu, are gutxiago subjektu eta eragile kontsideratzen».

Bigarren atalean, “Itzal azpian” izenekoan, leiho funtzioari bozgorailu funtzioa gehitzen zaio. «Ahotsa badute eta. Gu gabe ere badira. Non dira? Itzalean». Sektorea gizonen mundu gisa irudikatu da, baina emakumeak beti egon dira gure paisaiak eratzen dituzten lurretan.

Hirugarren atalean, “Mugimenduan” izenekoan, honako gogoeta egiten da: emakume nekazariek ezin dute haiek bakarrik borrokatu biziraupenaren alde. «Erantzukizuna handiegia da. Aliantzak behar dira, batzea biderkatzea baita».