GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Aitor MENDILUZE
Bertsolaria

«Ni naizena erakustera nator»

Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975) eskarmentu handia du txapelketetan. 2001az geroztik Txapelketa Nagusiko final guztietan hartu du parte, gainera. Aurtengoan, larunbatean igo zen lehen aldiz oholtzara, Durangon, eta saioa irabazi zuen 726,5 puntu eskuratuta. Egindako lanarekin pozik dago eta bere onena ematera etorri dela esan du.

(Jon URBE | FOKU)

Larunbatekoa izan zen zure lehen saioa aurtengo txapelketan. Zer moduz itxaronaldia? Nola ikusi duzu txapelketa?

Itxaronaldia, luze... Ia abestu dudanerako txapelketa bukatu da. Orduan, alde horretatik, luze egin da, baina ondo eraman dugu.

Eta, gainontzekoan, txapelketan, nik uste dut, bere gorabehera guztiekin, txapelketa bat izaten ari dela. Azken finean, batzuen espektatibak, besteen nahiak, bestearen zailtasunak... bat egiten dute. Bertso on asko entzuten ari dela uste dut. Entzule asko, bero, eta esango nuke, gainera, gazte asko, zorionez. Eta hori ere aipatzekoa eta txalotzekoa da. Baina, eztabaidak eztabaida, eta konformatzea beti erraza ez bada ere, esango nuke txapelketa bat izaten ari dela bere baldintza guztiekin.

Durangon zure hasierako agurra halaxe amaitu zenuen: «Ni naizena ekarri/ nahi nuke ahora/ ia zer kontatzen den/gidoitik kanpora». Nola heldu diozu txapelketa honi?

Txapelketa honi heldu diot ilusioz. Hasiera batean parte hartzeko gogo handirik gabe nengoen eta ia ezezkotan. Egia da gero inguruko zenbait iritzi eta zenbait irizpide jasotzeak lagundu didala izena ematen. Eta behin izena emanda, onenak emateko ilusioz. Esango nuke bertsotan ondo edo gustura behintzat bai, saioetan eta bertso eskoletan ere bai. Gustura eta tenple onean. Eta helburua jarrita, horixe bera plazan erakustea. Pixka bat nire agurrean uste dut puntu klabeetako bat hori izan zela: Ni naizena erakustera nator. Uste dut, hainbeste urte eta txapelketaren ostean, badudala bertsokera bat definitu xamarra. Eta bertsokera horrek eman dezakeena nire buruari erakutsi eta besteei ahal bada gozarazteko helburuarekin.

Zer moduz oholtza gainean? Bi lan nabarmendu nahiko nituzke: lehena, Aitor Bizkarrarekin batera zortziko handian egindakoa, eta bigarrena, Beñat Gaztelumendirekin egindakoa seiko motzean.

Saioarekin orokorrean gustura gelditu nintzen. Sentsazioarekin bazeudela hobetu zitezkeen gauzak, noski. Baina oso tenple onean sentitu nintzen, oso eroso oholtzan zentzu guztietan.

Eta ariketei dagokienez, gustura gelditu ez nintzen ariketarik ez bada ere, egia da bi horien inguruan galdetu didatela dezentetan. Lehenengoan, Aitorrekin zortziko handian, bueno, lehen ariketa da eta izaten da tenperatura hartzeko ariketa, batez ere norberaren buruari. Eta egia da momenturen batean formulazioren batek edo hitzen batek erdi-ihes egiten zidala sentitzen nuenean erreflexuak izan nituela moldatzeko eta berriz ere ekartzeko. Eta horrek konfiantza dosi handia eman zidala handik aurrekorako.&discReturn;

Eta gero Beñatekin uste dut posizionamenduan asmatu genuela biok. Azkenean gaiak planteatzen zituen bi lagun, aspaldian egon gabeak, astero elkartzeko proposamen hori... Nik garbi ikusi nuen hasieratik baietz esan izan banio hantxe bukatuko zela ofizioa. Ezezko planteamendurik egin ez banuen ere, nolabaiteko “baina” hori hartu eta “baina” hori ozpinez jantzi eta tentatzeko asmoarekin nolabait abiatu nintzen ni. Nire aldetik, erantzuteko jarrerarekin aritu nintzen eta uste dut Beñatek hor harilkatu zituela bertso harrigarriak eta beharbada arratsaldeko bere bertsorik onenetako bat han egongo zela, eta zoriontzeko moduan.

Belaunaldi aldaketaz asko hitz egin da txapelketa honi begira jarri garenean.

Esango nuke ez dela txapelketa honen kontua; pasa den txapelketan belaunaldi aldaketa hori oso presente egon zela uste dut. Beharbada finalean, eta denek begiratu nahi izaten duten ispilua hori da, ez zen hainbeste nabarmendu. Baina txapelketan nik uste dut oso presente egon zen belaunaldi bat izan zela.

Belaunaldi errelebo bat eman da. Geratzen dena da belaunaldi errelebo guztietan bezala, ba ez dela bat kendu eta bestea jarri, hori zerbait graduala izaten dela. Eta txapelketa honetan gertatu dena da horiek oso indartsu baldin badatoz ere, aurrekoei ere ez zaigula oraindik ahaztu eta hor gaudela, hor mantentzen garela. Parte hartzea erabaki dugunok behintzat. Alde horretatik oso momentu polita da. Konpartitu ahal izatea prozesu hori eta nolabait irudikatu ahal izatea trantsizio positibo eta positibista bat.

Eta Durangoko saioa bera izan zen horren argazki oso polit bat. Ikustea Beñat eta biok, eta Beñat ni baino dezente gazteagoa bada ere, pixka bat esperientziaren aldetik eta... Beñat eta biok hor egonagatik. Ba bai Aitor, bai Saioaren jarrera, beste kantu kideena, Eñaut bera gauza harrigarriak egiten... Ez dela bakarrik finalean zein sartuko diren edo ez. Baizik eta bakoitzak txapelketa honetan, kasu, eskaintzen duenaren, uzten duenaren eta proposatzen duenaren aldaketa edo trantsizioa ere badela.