GARA Euskal Herriko egunkaria

Planetaren kaosari soinu banda jarri dio Willis Drummond-ek

Tahitirako hegazkinean zihoala mandarina bat jan zuen Groenlandia gainean Jurgi Ekizak. Egoera erabat «surrealista» iruditu zitzaiola aitortu zuen Willis Durmmond-eko kantariak, atzo, Bilbon. Mundua hankaz gora dagoenean, zorioneko batzuek toki beroetako fruitu bat zuritu eta jan dezakete uharte izoztuaren gainean hegan egiten duten bitartean. Hortik abiatuta sortu da «Hala ere», lapurtar taldearen estudioko zazpigarren lana.

Ezker-eskuin, Felix Buff, Xan Bidegain, Vincent Bestaven eta Jurgi Ekiza. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Mandarina baten irudia, planetaren egoeraren metafora legez, jarri du Willis Drummondek bere zazpigarren estudioko lanean, “Hala ere” izenekoan. Metafora argi dago: «Sistema absurdo baten azken orduan bizi gara». Kontzientzia ekologiko eta sozial horren eragin nabarmena dago Willis Drummond lapurtar taldearen lan berrian.... baita kontraesanez beteriko mezua ere. Aitormen hori badago: «Mundua aldatu nahi genukeenok kontraesanez beteta gaudelako».

Zuzeneko indartsuengatik ospetsu egin den taldeak -egun, sona handiena duten euskal taldeen artean dago-, hori guztia jaurti du disko honetan.

Baionarrek Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten atzo zazpigarren estudioko lana eta aurkezpen bira, beren «bigarren etxe» bihurtu delako. Biraren hasiera bertan izango da, azaroaren 26an. Gero, abenduan, Biarritzeko Atabalen izango dira (2an), Durangoko Azokan (Ahotsenean, oraindik ez da data iragarri) eta handik Teruel eta Zaragozara joko dute. 2023rako data hauek eman zituzten: Donostiako Doka kafe antzokia (urtarrilaren 6an), Iruñeko Zentral (urtarrilak 13), Azpeitiko Sanagustin (21ean) eta gero Logroño (27an), Madril (28an), Almaza (29an) eta otsailaren 17an, Gasteizko Jimmy Jazz.

Bitxia da, Estatu espainiarrean hainbat kontzertu dituzte. «Askoz konplikatuagoa da euskaraz kantatuz Frantzian jotzea Espainian baino. Euskarazko musika ez da batere balioztatzen», aitortu zuen Jurgi Ekizak.

Etxeko energia

“Hala ere” lan berrian laukote egiturara itzuli da Willis Drummond. Vincent Bestaven da bandako laugarren kidea. Felix Buff-ekin batera Petit Fantome taldean aritutakoa da, eta pandemia garaian egin zituzten kontzertu akustikoetarako batu zitzaien Bestaven; emaitza hain izan zen ona, ezen Bordelen bizi den musikari baionar hau “Willis familiako” beste kide bat bihurtu den.

Johannes Buff-ek (Felixen anaia) Tarnosen zabaldu duen Shorebreaker estudioan grabatu dute lana. Estudioan bertan entseatzen dute eta toki horretan prestatu da erabat diskoa: grabatu, ekoitzi eta nahastu. «Familia giroan» aritu dira lanean, aipatu zutenez, talde honek DNAn duelako hori: «Badira orain kasik 20 urte Willis Drummond familia bat bezala funtzionatzen duela, baina kooperatiba bat bezala ere bai, nolabait, dena kudeatzen baitugu taldekideok horizontalki», aipatu zuten.

«Batzuek esango dute lasaitu garela, nik esango nuke aldatu garela, beste edonor bezala. Helburua ez da beti egitea disko berdina, baina disko berri bat egiten delarik, berritasun bat sortu eta modu naturalean egitea izan da gure helburua», ohartarazi zuen Xan Bidegainek. Berriz aurkituko ditugu betiko rock-and-rolla, indie ukitu berri batzuk, Australia eta Irlandako eraginak (The Drones, Teh New Christ, Fontaines...), baita aspalditik eragin dien 90eko hamarkadako musika eszena, Seattle-eko grungea (Nirvana, Pearl Jam), pop doinuak (Eels) eta betiko dituzten eraginak (Crazy Horse).

Grabazio prozesua oso vintagea izan omen da: «Erabaki genuen grabatzea diskoa denok batera, gela berean, gordintasuna eta espiritu hori mantentzeko. Metronomorik gabe, tresnak baztertu gabe, eta base erritmikoa mantenduz», aitortu zuen Xan Bidegainek.

Letrak taldekideen solasaldietatik ateratakoak dira: ekologiaren inguruko kezkak (“Mandarina”, diskoa zabaltzen duen kanta), migrazioaren krudelkeria (“Bidasoa”, salaketa eder eta sakona), planetaren kaosari buruzko istorio bat (“Gauzak”). «Bizitzen ari garenaren isla da», Ekizaren esanetan. Kantek istorio anitz dituzte atzean, esaterako “Bidasoa”-k, muga eta hiltegi bihurtu den ibaian hil diren bederatzi etorkinei eskainita baitago bideoa.