JUL. 19 2024 Arrigorriaga eta Bermeo madalenak ospatzen hasiko dira asteburu honetan Madalenak ospatzeko sasoia iritsi zaie Arrigorriagako herritarrei eta, ostiral honetan hasita, zazpi eguneko egitarau zabalaz gozatuko dute. Bermeon asteleheneko Madalen eguna ospatuko dute, Izaro uhartearen inguruan teila jaurtiz, baina aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi izango da. Txistulariek bidea zabalduko diete Udalbatzako kideei Bermeon. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA Madalenak egun bereziak dira arrigorriagar guztientzat, eta horregatik egitarau zabala prestatu du aurten ere jai batzordeak, herritar askorekin elkarlanean. Esan bezala, egitaraua zazpi egunekoa izango da (uztailaren 19tik 25era) eta Udalak dei egin du jaiak berdintasunean bizitzera eta gozatzera. Txupinazoa gaur arratsaldeko 20.00etan izango da, kuadrillen jaitsieraren ostean, eta aurten herriko lau taldek izango dute jaiei hasiera emateko ardura, Arrigorriagako bizitzan egindako ekarpenagatik: Abrisketako Done Periko kuadrilla, Kilimusi eskaut taldea, Abusu Arrantza eta Casting kluba eta SIAL (Santa Isabeleko Auzoko Lagunak). Ondoren, Burrunba elektrotxaranga eta Aritz Berriko txistulariak eta lagunak abiatuko dira herrian zehar giroa alaitzen, eta 20.30ean txosnak zabalduko dituzte. Larunbata (uztailak 20) gazte bazkariari eta gazte olinpiadei eskainitako eguna izango da, baita zenbait kirol ekitaldiri ere, eta igandean kale dantza, euskal dantzak eta zezensuzkoa daude iragarrita, besteak beste. Astelehenean (uztailak 22) Madalena egun handia ospatuko dute. Urtero bezala, meza nagusiaren ondoren Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izango da, eta ondoren, txakolin eta oliba dastaketa. Eta arratsaldean, XXXIV. Folklore Kalejira eta Jaialdia ospatuko da Boliviako, Tanzaniako eta Andra Mari dantza taldeekin. Asteartean umeen eguna ospatuko dute, asteazkenean mozorro eguna, eta ostegunean paella eta tortilla lehiaketa gastronomikoak egingo dituzte. Musika arloari dagokionez, honako taldeak arituko dira Arrigorriagako plazan: Puro Relajo eta Akerbeltz (ostirala 19), Su ta Gar eta Lehian erromeria (larunbata 20), Orkestra Vulkano (igandea 21), Beranduegi erromeria (astelehena 22) eta One Love eta DJ Markelin (asteazkena 24). Txosnagunean, aldiz, honako emanaldi hauek iragarri dituzte: Herdoil, Ganibet eta Fetitxe (ostirala 19), DJ Radiopatio (larunbata 20), play back lehiaketa (astelehena 22), bertsio gaua (asteartea 23) eta Empire of Disease, Silitia eta Gautegun erromeria (asteazkena 24). BASTERRETXEA OROITUZ BERMEON Bermeon larunbat honetan abiatuko da jai egitaraua Artza frontoian jokatuko diren profesionalen arteko pilota partidekin: Larrazabal-Morgaetxebarria Alberdi II.a-Iztuetaren aurka eta Artola-Mariezkurrena Laso-Albisuren aurka. Igandean, bestalde, Madalena bezpera izango da eta Baztarre kaleko jaiak ospatuko dituzte bertako auzo elkarteak eta Udalak prestaturiko egitarauarekin. Ohi bezala, Madalena egun handia uztailaren 22an izango da, astelehena. Egitaraua goizean goiz zabalduko da Kankinkabara txistu taldeak alde zaharrean egingo duen kalejirarekin, eta 11.45ean Udalbatza porturantz joango da txistulariek Madalen zortzikoa jotzen duten bitartean. Eguerdiko 12.00etan udalbatza itsasontzietara igoko da Izarora joateko. Bertan, ikurrina eta Bermeoko bandera jaso eta gero, Nadia Nemeh alkateak teila jaurtiko du uretara, tradizioak agintzen duen legez, Bermeoko urak noraino iristen diren adierazteko: «Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» esango du Nadiak beste urte batez. Aurten botako duten teilak Nestor Basterretxearen "Izaro" eskulturaren grabatua eramango du, Bermeoko artistaren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko. 13.30ean Elantxobera helduko dira eta Alkartasuna dantza taldeak ohorezko aurreskua eskainiko die Bermeo, Elantxobe eta Mundakako alkateei. Egun osoko festa egin eta gero, arratsaldean, Mundakara joango dira eta 19.30ean Bermeora itzuli eta Udalbatza Goiko Plazara igoko da, banderak altxatu eta aurresku eta zabaletakoak egiteko. IZAROOhitura den legez, Madalena egun handia uztailaren 22an izango da, astelehena. 12.00etan udalbatza itsasontzietara igoko da Izarora joateko. Bertan, ikurrina eta Bermeoko bandera jaso eta gero, Nadia Nemeh alkateak teila jaurtiko du uretara, tradizioak agintzen duen bezala, Bermeoko urak noraino iristen diren adierazteko.