JUL. 27 2024 Instrumentalizazioa II Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Memoria-ostea kontzeptuarekin gertaera traumatikoen inguruko lan akademikoetan zegoen hutsune bati erantzuteko asmoa zuen Hirschek. Hutsune hori bigarren belaunaldia delakoaren kasua da; hots, gertaera traumatikoaren biktimen alaba-semeek nola jaso eta zer oroitzen duten gurasoen belaunaldikoek bizi izandakoari buruz, eta bizipen horiek zer eragin duten beraiengan. Holokaustoaren testuinguruan erabili duen arren, Hirschek ez du memoria-ostea gertaera horren, ezta juduen esperientziaren, ezaugarri esklusibo moduan ulertzen. Are gehiago, hasieratik bere helburua bestelako genozidioen arteko konparazioa sustatzea izan da, horrelako gertaeretatik ikasi eta sekula gehiago gertatu ez daitezen. Konparaketa horiek egin egin dira, baina gehienetan Holokausto ikasketetatik kanpo eta maiz Holokaustoan adituak diren hainbaten gaitzespenarekin, Shoah-ri aitortzen zaion apartekotasuna dela eta. Azken horrek eragina izan du memoria-ostea bezalako kontzeptuek gizartean zirkulatu duten moduarekin, juduak judu diren aldetik biktima bezala aurkezteko eta Israel juduen nazioa den aldetik kritika orotatik babesteko erabili direlako, gertaeren, esperientzien eta belaunaldien arteko aldeak ezabatuz eta denetariko distortsioak eraginez (Israelekin kritiko diren juduei kapo deitzea eta palestinarrak naziekin konparatzea, esaterako).