GARA Euskal Herriko egunkaria

Goiriena: «Ez dut Gobernuaren deirik espero, eta ez dut nahi»


Oihana Goirienak, 2022ko otsailetik Polonian behin-behineko espetxealdian zegoen Pablo Gonzalezen emazteak, pozaren pozez erantzun ditu ostiral honetan Radio Euskadik egindako galderak. Gonzalezen dei baten zain zegoen, eta Nabarnizen eta Elantxoben ahalik lasterren ospatzeko irrikaz. Baina era berean haserrea agertu zuen, Gobernu espainolaren utzikeria dela eta.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Goirienak esan zuen oraindik ezin izan duela bikotekidearekin telefonoz hitz egin, abokatuak esan dionez, azterketa egiten ari baitzaizkio, osasun egoera baloratzeko.

Bai berak eta bai bikotearen seme-alabek albistea jaso zuteneko zoriona nabarmendu ondoren, aitortu zuen ez dakiela Pablo Gonzalez noiz itzuli ahal izango den Euskal Herrira, eta pasaportea duen ala ez. Albait lasterren argitzea espero du.

Horrekin batera, Polonian abiatutako ikerketa artxibatzeko bidean dela baieztatu zuen. Goirienaren ustez, hala ere, irtenbiderik onena «bere argudioak aurkeztu eta errugabea dela defendatzeko epaiketa bat egitea» litzatekeela aipatu zuen, espioitzaren akusazioak ez hankarik ez bururik ez duela argitzeko.

Aldi berean, jasotako elkartasuna eta laguntza biziki eskertu zituen, besteak beste, babes taldeen, euskal erakundeen eta hedabideen aldetik. Aitzitik, kritikatu du «bi urte eta bost hilabetetan» ez duela Gobernu espainolaren deirik jaso. «Orain, lasai egon daitezela. Ez dut deirik espero, eta ez dut nahi», adierazi zuen.