Peli LEKUONA
Interview
Julian Eraso
Donostiako Klasikoko presidentea

«Donostiakoa mundu osoan prestigio handia duen klasikoa da»

Asteburu honetako kirol hitzordu ukaezina 43. Donostiako Klasikoa izango da. 236 kilometroko lasterketak berritasunak izango ditu aurtengo ibilbidean; batez ere, Murgilen lekuan igoko duten Pilotegi aldapa gogorra. Honen eta gehiagoren inguruko xehetasunak jakinarazteko, NAIZ Irratian mintzatu da asteon Julian Eraso, lasterketaren presidentea.

(©Donostiako Klasikoa/OCETA)

 

Donostiako Klasikoaren 43. edizioa jokatzear dela, antolaketa lanean buru-belarri dabiltza txirrindularitza lasterketako arduradunak. Aurten, gainera, Klasikoaren aurretik, Olinpiar Jokoak jokatzen ari dira, eta horrek ere bere eragina izan du Julian Erasok azaldu duenez.

Olinpiar Jokoek beti nahasten dute egutegia. Tourra ere astebete aurreratu zuten, eta UCIk Klasikoa atzeratzea erabaki zuen, txirrindulariek aukera izan zezaten hona ere etortzeko.

Deigarria da Donostiako Klasikoa, uda betean, eta Vuelta baino lehenago. Egun bateko lasterketak, ordea, oso erakargarriak dira txirrindulari eta taldeentzat eta Donostiakoak estimu handia du. Lastima, alde horretatik, aurten Remco Evenepoel tropelean ez egotea, Marino Lejarretarekin batera, bera delako Klasiko gehien irabazi dituen txirrindularia. Hiruna.

Antolaketa lanak nola doaz?

Ia amaituta, edo behintzat bideratuta. Denbora aurrera doan heinean, prestaturik dauden gauzak egiten joango gara eta larunbatean martxa emango diogu Klasikoari.

Klasikoa urtero errepikatzen den prozesu bat da eta nolabait «eginda» daukagu. Ondorioz, antolatzeko ez da hain zaila; beti inguru berdintsuan egiten da, eta «Donostia» izena daramalako, «Donostiako lasterketa» baita, Udalak laguntza handia ematen digu. Inplikazio handia du.

Gure betebeharra beste bat da. Klasikoa mundu mailako lasterketen artean finkatuta dago txirrindularitza egutegian; beraz, munduko 18 talderik onenak ekarri behar ditugu eta, horrez gain, lasterketa beste zazpi talderekin osatzen dugu. Horrek eskatzen dituen azpiegitura lanak oso handiak dira, baina kasu honetan Donostiak eta bere inguru honek onartuta dauka eta jakinaren gainean dago Klasikoa badatorrela. Aurten, kasualitatez, Klasikoa eta Aste Nagusiko jaien hasiera egun berean egokitzen da eta horrek ekitaldiak pilatu egiten ditu Donostian.

Deigarria da Donostiako Klasikoa, egun bakarreko lasterketa, Vueltaren aurretik jokatzen dena... Zein motibazio izan ohi dute taldeek halako lasterketa batera etortzeko?

Covida zela-eta urtebete salto egin zelako, 44. edizioa izan behar zuen honek, baina dagoeneko 43 edizio bete dira, 1981ean hasi eta gero. Ospe handiko lasterketa da Klasikoa. Bost lasterketa daude «monumentutzat» izendatuta. Inkestak egin dira seigarren «monumentua» zein izango litzatekeen jakiteko, eta hor gure Klasikoa oso ondo kokatuta dago. Egun bateko lasterketek garrantzi handia dute txirrindularitzan.

Gero etorriko da Vuelta, beste hiru «luzeak» bezala - «handiak» baino-, baina txirrindularitza munduan, Klasikoa oso lasterketa garrantzitsua da. Txirrindulariak borrokara etortzen dira eta hemengo zaleek hori asko eskertzen dute. Badakigu oso urte berezia dela Olinpiar Jokoak direla-eta, baina Klasikoa munduko lasterketa onenetarikoa da eta horrela jarraitzea espero dugu.

Klasikoa UCI World Tour mailakoa izan dadin, zein eskakizun bete beharko lituzke?

UCIk garrantzi handia ematen dio segurtasunari, nahiz eta gero eta zailagoa den segurtasuna eskaintzea, ez baita inguru itxi batean egiten. Hor segurtasuna bermatzeko bitarteko asko jarri behar dira; tokian tokiko poliziak, Ertzaintza kasu honetan, antolakuntzako moto gidariak, eta horiek errepideko oztopo guztiak eta bidegurutze guztiak segurtatzeko batez beste 80 edo 90 moto inguru erabiltzen ditugu. Horrez gain, talde bakoitzak autobus bat, bi kamioi eta zortzi auto ekartzen ditu. Horien guztien batuketa eginda parke mugikor handia bihurtzen da eta hori arazorik gabe mugitzeko segurtasun neurri handiak eduki behar dira.

Horrez gain, historia ere, antolakuntzak nondiko norako lana egin duen... ere baloratzen du. Gure historia hor daukagu eta dagoeneko ez daukagu ezer demostratu beharrik. Horregatik, jendea ez ezik, txirrindulariak, epaileak... denak hona ikuskizunaz gozatzera etortzen dira. Txirrindulariek beren aldetik asko jartzen dutelako eta hemengo zaleak ere eskertzera joaten direlako errepide bazterretara.

Kirol alderdira joanda, nabarmentzekoak dira Olinpiar Jokoak. Zuen jardunean eraginik izan du?

Bai, noski! Olinpiar Jokoak lau urtetik behin izaten dira, baina tokatzen direnean beti nahasten dute egutegia. Txirrindularitza ez da geratzen eta lasterketa askori suertatzen zaio Olinpiar Jokoekin bat egitea. Kasu honetan, Olinpiar Jokoak munduko ikuskizun handienetakoa dira eta denetan dute eragina; hasteko, Tourrarekin. Tourra bera ere mugitu egin zen; aurreratu egin zen astebete. Horrek ekarri du UCIk Klasikoa atzeratzea, Tourra amaitu eta hurrengo larunbatean izan beharrean, gure lasterketa errespetatuz, Tourraren osteko eta Olinpiar Jokoetako asteburuekin bat eginda lasterketak zeudelako. Horrela aukera eman die Jokoetan parte hartu duten txirrindulariei, Klasikoa lehiatzera etorri ahal izateko.

Hiru aldiz txapeldun suertatu den Remnco Evenepoel zoritxarrez ez dut uste hemen egongo denik, eta hori guretzat eragin txarra da. Marino Lejarretarekin hiruna garaipenera berdinduta, laugarrena irabazi nahian etorriko dela esan zigun. Denekin jokatu behar da eta hor gaude gu, pieza bat bezala joko honetan.

Marinorekin edo Evenepoelekin hitz egin izan duzu?

Bai, bai! Iazko Klasikoan anekdota oso polita izan zen: Omenaldi bat egin genien Klasikoaren irabazle guztiei. Marino zen aurrez hirutan Klasikoa irabazitako bakarra eta Evenepoelekin solasean egon ginen, komentatzen. Irabazle denek sinatu zuten maillot bat eta han jartzen zuten zein urtetan irabazi zuen bakoitzak. Marinok sinatu zuenean, bere izenaren ondoan «bider hiru» -x3- jarri zuen, eta Remnco Evenepoelek, «bider bi» -x2-. Baina lasterketa amaitu zuenean, berak, Evenepoelek, eskatu zuen maillota eta «bider bi» hori tatxatu eta «bider hiru» jarri zuen. (Irribarrea) Pentsa nolako ilusioa egin zion berari ere! Eta, gainera, esan zigun laugarrenez irabaztera ere etorriko zela.

Aurten behin bakarrik igoko da Jaizkibel, eta Arkale ez da igoko, baina Erlaitz bai. Zer-nolako ekarpena egiten dio lasterketari?

Egun bakarreko klasikoek kilometrajea izaten dute ezaugarrietako bat; beti izaten dira 200 kilometrotik gorakoak. Lehenengo urteetan Jaizkibel bi aldiz igo eta Donostiako Bulebarrera etortzen zen lasterketa. Baina lasterketa gogortzeko edo txirrindulariak pixka bat «mareatzeko», aldaketa bat jarri genuen: Erlaitz. Baina bitan Jaizkibel eta Erlaitz jartzea ez zen ondo etortzen eta aldaketa orokor bat egin genuen: Jaizkibel, gero Erlaitz eta gero Murgileko Igeldoko igoera hori, eta ez behin bakarrik, bitan baino, Evenepoelek 2019an aurrenekoz irabazi zuenean.

Beti sartu behar ditugu nobedaderen batzuk; ez gehiegi, baina nobedade batzuk sartzen dira pixka bat bizitasun handiagoa emateko. Aurtengoa gehienbat Pilotegiko aldapa da.

Igoera horri buruz zer diote taldeetako ordezkariek? Errespetua edo beldurra diote %27ko aldapa horiei?

Segun eta non kokatzen den igoera hori. Lehenengo 50 kilometroetan egongo balitz, beste hainbeste igoera pasatzen diren moduan pasatuko lukete. Baina Pilotegi kokatuta dagoen puntuan, azken hamar kilometroetan, hor gora lehenengo iristen denak aukera handiak dauzka aurten Zurriolan irabazteko. Horrek beste puntu bat ematen dio Klasikoari: gogortasuna alde batetik eta kokapena, bestetik.

Ez da luzea, baina metro horiek ondo neurtu beharko dituzte. Ondo neurtuta joan beharko dira indarrak, eta ikusiko dugu nola iristen diren gora. Igeldoko herria pasa eta gero, horko goitik beherakoa bai, erabakigarria izango da, hor erabakiko da aurreneko zein iritsiko den eta zeinek jantziko duen txapela.