Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Esperimentu bat?

Zuzenean engaiatuta ez egon arren, esperimentu baten lekuko izanaren irudipenarekin geratu naiz. Ezusteko albistea jaso genuen duela hamar egun Japoniatik. Kishida lehen ministroak bertan behera utzi zuen Asia Erdialdeko hainbat herrialdetara hastear zuen bisitaldia. Aurreko asteetan zeresan dezente emandako txangoa zenez (Mongolian, Kazakhstanen eta Uzbekistanen eta, orokorrean Asia Erdialdean, Txinaren eraginari EEP moduko bat egiteko xedea zuela ere esaten zen), ez zen nolanahiko kontua.

Zergatia zen, haatik, benetan deigarria: «JMA-Japoniako Meteorologia Agentziak alerta bat igorri du Nankaiko hobian izan daitekeen lurrikara handi baten aurrean; eta herritarrei prestakuntza berresteko eskatu die», esan zuen Kishidak bira bertan behera uzteko arrazoiak azaldu zituen prentsaurrekoan.

Zergatia hori bazen ez bazen, ondorengo ordu eta egunetan hamaika ariketa egin eta neurri hartu bide dira Japonia ekialdeko kostaldean, Tokio hegoaldetik hasi eta Kyushu hego-muturreraino; hau da, Nankaiko itsas hobi horren aurrealde guztian: jende-ebakuazioak, azpiegitura kritikoen prestamenak, portu eta itsas-trafikoan alertak... Sos askoko kontua, eta mundu mailako hornidura-kateak ere tenkatu dituena. Japoniaren gaztigura edo, Hego Koreak edo Txina ekialdeak ere neurriak hartu dituztelako, maila apalagokoak.

Nankaiko Hobiaren historia ezaguna ez baita txantxetan hartzekoa. Alerta-gaztiguaren bezperan, hobi horretan bertan, Miyazaki aurrean, 7. mailako lurrikara izan zen. Eta 2011n Tohokuko lurrikarak Fukushima Daichi zentral nuklearrean egin zuen hondamendiaren aurrekaria bertatik bertara dela, prestamen eta ariketa guztiak gutxitxo izan daitezkeela ere pentsa liteke.

Astebete igarota, ordea, JMAk bertan behera utzi du alarma-gaztigua.

Zalantza izpirik ere ez dut sismologoek beren lana egin dutela, batean zein bestean. Eta Kishidak ere abagunea aprobetxatu badu bestela nekez egin zezakeen ariketa egiteko... balekoa iruditzen zait.

Esperimentuaren emaitza jakitea gustatuko litzaidake.