SEP. 01 2024 ZORROZTARRIA Itzulera zaharberritua Julen MURGOITIO Itzultzea» izan da aste honetako prentsan gehien irakurri dudan berba. Eta ez, ez naiz penintsulan zeharreko txirrindularitzari buruz ari, ez. Prentsako hasierako orrietan izan da, ez azkenekoetan. Ikasgeletara itzultzeaz ari ote? Ezetz, demonio, jakinda ere albiste hori izan dela, han-hemen, itzulerak ekarriko duen bizkar-zorroko pisu ekonomiko gehigarriagatik albiste. Ez, bestelako geletara itzultzeaz ari naiz, politikaren geletara, hain justu. Izan ere, ofiziozko urte politiko berria abian da modu ofizialean abuztu amaierako Miramarreko agerraldiaren ostean. Politikari batzuek politika urte sasoi guztietako ekimen jarraitua dela ikasiko balute sikiera, gaitz erdi! Orduan bai, eurentzat ere ikasturte berria izango litzateke! Miramarren udan ohikoak izaten diren ikastaroen adibide praktikoa behintzat izan zitekeen, praktikaren beharra izaten baitute horko udako horiek! Tira, urte berrira! Politikoa! Ajuria Eneko ikasketa-buruak aurkeztu berri du urte berrirako materiala. Eta kolpea gero! Erretiroa hartu behar izan zuen aurreko buruaren idatzizko osagarri batzuk handik-hortik hartu, koktel-ontzi batera sartu (bildu esate aldera), ondugabeko etika-espeziak gehitu eta, ondo astinduta, hara! Ikasgai berritua! Hiztegi zirkularraren adibidea! Zer eta hamar puntuko dekalogoa! Lastima testu segitua dela, marrazkirik gabea, hitz-ontzi makala material serioa izateko. Baina hortxe da dagoeneko, Legebiltzarreko ganberan oposizioko idazmahai guztietan, bozkatzeko sakagailuaren ondoan: GAI-Gizalegez Aritzeko Ituna. «Ongi komuna lehenestea» abiapuntu, aurretik komunaren ongia zerk behar duen izan zehaztu barik. Hots, politika bera zer den, instituzioetatik harago. «Jolasgaraia» bukatu dela bota zuen buruak. Putakeria, gero, hasi berria den ditxosozko futbol-ligarentzat!