SEP. 02 2024 JOPUNTUA No-do Eneko BARBERENA Idazlea Txani Rodriguezen liburu batek bake mentala ekarri dit eta patxaranarekin partzialki berradiskidetu naiz. Julia Guillamonek liluratu nau, Pruden Gartziak konbentzitu eta Hemingway Ariben eta Kariben defendatzen dutenen lubakia konpartitu dut. Ez dago gaizki abuzturako. Horrez gain, badut zerbait bat zuei kontatzeko. Lehen Mundu Gerraren bezperatan, Kataluniako Cardonan, baziren gatzaga batzuk gutxienez neolitotik ustiatzen zirenak. Lurrazaleko ustiapen xume eta lasai bat zen, Medinaceliko duketzari urtero errenta apal baino ziurrak eskaintzen zizkiona. Alabaina, mendea hastearekin bat gatzaga horien kudeaketan ezarri zuten Emili Viader i Sole ingeniari gaztea, zeinak bazuen ezagutza aski jabetzeko Cardonan egon zitekeela gatza baino baliotsuagoa zen zerbait. Irudikatu egoera. XIX. mendeko bigarren erdialdean nekazaritza iraultza txiki bat ekarri zuten ongarri inorganikoek. Hauei esker uztak asko areagotu ziren eta Europak atzean utzi zituen mendearen lehen erdialdean Irlanda astindu zuten bezalako goseteak. Bada, ongarri horien −eta lehergai ekoizpenaren− oinarria ziren gatz potasikoen munduko meategi ezagun bakarra Prusian zegoen, eta haiena zen alimaleko mozkinak ematen zituen monopolioa. Viaderrek bazuen susmoa gatz potasiko horiek ere Cardonan egon zitezkeenarena, eta Medinaceli etxeko kide zen Denia eta Tarifako dukeari, Carlos Maria de Constantinopla Fernandez de Cordoba y Perez de Barradasi, erregutu zion eman ziezaiola bila aritzeko baimena. Erantzuna antologikoa izan zen: «Nahikoa nekeza zait Jainkoak lur gainean ezarritakoa kudeatzea orain lur azpian denagatik kezkatzen hasteko». Bada, dukeak bezala, erabaki dut nik ere hobe dudala lur azpiko kontuak alboratu eta denon begietara denari buruz jardutea. Hala, Nafar Gobernuaren dena delakoari eskatu nahi diot: kenduko al duzue behingoz Iruñeko Ospitale Guneko larrialdietan den “Diario de Navarra”-ko aleen vending makina, non ez den beste egunkaririk saltzen? Serio? Uste duzue zilegi dela hori herrialde demokratiko batean? Kenduko al duzue behingoz Iruñeko Ospitale Guneko larrialdietan den «Diario de Navarra»-ko aleen «vending» makina, non ez den beste egunkaririk saltzen?