GARA Euskal Herriko egunkaria

AEK-k ireki du matrikulazioa, «euskara eroso ikasteko»

AEK-k matrikulazio kanpaina abiatu du. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

AEK-k “Euskara eroso bizitzeko” 2024-2025eko ikasturteko matrikulazio kanpaina jarri du martxan, eta horrela, matrikulazioa zabalik dago jada AEKren euskaltegietan, «herritarrek euskara eroso ikas dezaten bertan». Bilboko Kalderapeko Kulturgunean aurkeztu zuten, eta Lurdes Etxezarreta Bizkaiko ordezkariak hartu zuen hitza.

Azaldu zuenez, AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz «eroso» bizitzea, eta, hori dela-eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen da: «Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe».

Euskaltegiak «euskara ikasteko gune erosoak» izatea nahi dutela nabarmendu zuen, eta ikasleak handik ateratzean «gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera» izan dezaten bilatzen dutela, hala nola lagunartean, familian, lanean edota aisialdian.

DOAKOTASUNA

Bestalde, Etxezarretak adierazi zuen AEKtik euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatzen dutela. A1 mailarako dirulaguntza berria nabar-mendu zuen, doakotasunaren bidean «beste urrats bat eta pizgarria» baita euskaratik urrun bizi direnentzat. Horrela, EAEn, euskara hutsetik ikasi nahi dutenek, iazkoarekin alderatuz, laurdena ordainduko dute aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan.