GARA
BILBO

Senegalen lanean ziharduen Bermeoko arrantzale bat hil da

Arrantza sektoreko lan baldintzei buruz ohartarazi zuen, atzo, LAB sindikatuak, Senegaldik iritsitako albiste latz baten karietara. Bermeoko langile bat hil da bertan. «Ofizialki heriotza ez-traumatikotzat jo da», aipatu zuen.

Arrantzale batzuk, Bermeoko portutik abiatzen.
Arrantzale batzuk, Bermeoko portutik abiatzen. (Luis JAUREGIALTZO FOKU)

Zoritxarreko albistea heldu da Senegaldik. Atzo jakin zenez, abuztuaren 25ean Bermeoko Pesquería Vasco Montañesa SA (Pevasa) enpresarako lanean ari zen P.M.S. arrantzalea hil zen Dakar ondoko uretan. «Itsasontzian arrantzan ziharduen langile bermeotarraren heriotza ez-traumatikotzat jo da ofizialki», jakinarazi zuen LAB sindikatuak.

Senide, lagun eta lankideei elkartasuna eta samina helarazi ondoren, zenbait salaketa plazaratu zituen sindikatuak. Hasteko, «mota honetako istripuak aztertzeko eta argitzerako orduan ikaragarrizko trabak eta gardentasun eza aurkitzen ditugu».

«Era berean, nabarmendu behar da heriotza ez-traumatikoen atzean hainbat faktore daudela eta lan karga, erritmoak, estresa eta jarduera mota honetan presente dauden faktoreek eragin zuzena dutela», erantsi zuen.

Horregatik, «LABetik irmoki salatu nahi dugu heriotza hau. Arrantza sektorean gertatzen diren eskubide urraketak, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko lanaldiak eta sektorearen ezaugarri diren lan neurri gogor eta arautu gabeak dira heriotza hauen errudunak», adierazi zuen.

«Heriotza hauek eragiten dituztenak ez dira aurretik aipatutako arrazoiak bakarrik. Euskal Herriko enpresak dira Senegalgo eta beste hainbat lekutako itsasoak ustiatzen eta arpilatzen dituztenak, hemengo agintarien laguntzarekin. Ezaguna da Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egiten duela atunontzi handiak dituzten eta altuera handiko flota kudeatzen duten enpresen alde. Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabili beharrean, armak erosteko ematen diete dirua, hauekin piraten erasoetatik babesteko».

«Baxurakoa bezalako beste arrantza arteak gutxiesten dituzte, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak eta plan estrategiko baten beharrean itotzen ari direnak. Arrantza sektore osoak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauketa legala. Aski da orain dela urte askotako araudiekin eta ohiturekin lanean aritzeaz. Arautzeak eragina izango luke istripu eta heriotzen tasan», erantsi zuen LABek.

Horrekin batera, 2024. honetan jada gutxienez 40 langile hil direla istripuz ekarri du gogora LABek, «eta horietatik sei abuztuan».

Beste behin, enpresei «lan osasuneko baldintza egokiak berma ditzatela» eta Lakuako Gobernuari «ereduaren inguruko norabide aldaketa eta lan osasuneko neurriak betetzen direla berma dezala» exijitu die sindikatuak.