Eli PAGOLA
BERMEO
Interview
JOSU OJINAGA
Lurra Hurre proiektuko kidea

«Erakutsi behar da hemen nekazaritzan aritzea duina dela»

Lurre Hurre elkartea landa garapena eta migranteekiko arreta uztartzen dituen formakuntza proiektu bat da, Bermeon eta Muruetan kokatua. Nekazaritzak eskaintzen dituen aukerak eta egiturazko mugak izan zituen aipagai NAIZ Irratian Josu Ojinaga boluntarioak.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Landa garapena eta integrazio soziala ardatz, 5 helburu jakin dituzue. Zertan egiten dute bat?

Elkarteak harrera lanak burutzen ditu. Alde batetik, nekazaritza formakuntza eskaintzen du eta, bestetik, etxebizitza eta laguntza paper kontuetan. Elizak utzitako etxe batean bizi dira 6 pertsona, eta beste bi egunero hurbiltzen dira Bermeotik. Baldintza bakarra dirulaguntzarik ez jasotzea da. Hori horrela izanik, bertan egoteak ez dauka epemugarik. Denak atzerritarrak dira, afrikarrak gehienak -senegaldarrak batez ere-, gazte samarrak. Erakundeen edo beste elkarte batzuen bidez iristen dira asko, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta gisakoetatik.

Proiektuan jende gehiagok ere hartzen du parte.

Boluntarioen lana ezinbestekoa da. Hori da proiektuaren ahuleziarik handiena. Jendea konpromisoetatik urruntzen ari da eta, gainera, kosta egiten da puntuala ez den langile boluntarioa lortzea.

Diozuenez, egun guztiz abandonatuta daude lur zoruak nekazaritza-lanerako. Horiek berreskuratzeak zer lan du?

Bermeok arrantzale fama badu ere, baserri eta auzo gehien dituen Bizkaiko bigarren herria da. Nekazaritzari lotutako tradizioa indartsua izan da, eta egun desagertzen ari da. Lehen, lurrak erabileraz beltz edo marroi zeuden, eta orain, berde, belarrak janda. Hor badago lan esparru bat eta uste dugu borondate politikoa badago eta gauzak ongi egiten badira atzerritik datozen pertsonak ere oso egokiak izan daitezkeela erreleboa hartzeko.

Nekazaritzak zer aukera eskaini ditzake? Zer muga ditu?

Nik uste aukera asko daudela. Soroak nonahi ditugu, asko nekazaritza lanetatik egunero elikatzen gara eta hurbileko produktuak izatea nahi dugu, gainera. Erritmoarena da zailtasun handiena: erakunde publikoetan laguntzetarako eta horiek burutzeko dituzten erritmoak oso-oso motelak dira, eta sektoreko premiek erritmo arinagoa eskatzen dute. Hor talka bat dago, eta arazo handi bat. Laguntza ekonomiko eta teknikoak behar dira. Agian da ez daukagulako kontzientzia seriorik, zeren inork ez du zalantzan jartzen osasuna publikoa izan behar dela, hezkuntza publikoa behar dela… eta egunero jaten dugunak ez al du izan behar borondate publikoagoa?

Europako estatu askori buruzko ikerketa batek erakutsi du kontinentea elikatzen duten milioika langile etorkinek arazo ugari dituztela.

Hemengo gazteak, migrazioan hasi aurretik, nekazaritzari eta lehen sektoreari lotuta egon dira. Handik nekazaritzatik iheska datoz pobreziarekin lotzen dutelako, beraz, hona etortzean ez dute beren etorkizuna sektore horrekin lotzen, beste asmo batzuk izan ohi dituzte. Kontua da beste asmo horiek oso konplikatuak direla, dakartzaten espediente akademikoak ez direlako hemen homologatuak. Ikuspuntu aldaketa serioa behar da. Erakutsi behar da hemen nekazaritzan aritzeak baduela bizitzeko besteko etekina eta lan duina dela. Horretarako, politika aktiboak behar dira eta ez dira jartzen; energia, dirua eta aurreikuspenak behar dira.

Nekazaritzan lan egiten duten asko ari dira lan-baldintzak eguneratzen. Txanponaren beste aldea izan daiteke sasoikako langileen egoera. Nekazaritza duintzen ari da? Ala baldintza orokorrak okerrera doaz?

Okertzen ari da, ez dago zalantzarik. Zergatik? Erritmoa da arazoa. Egon diren manifestaldien eta lehen sektoreko borroken ostean egindako promesak ez dira oraindik gauzatu, eta ez dago horren berririk. Lehengo baserri ereduetatik asko aldatu da, egun beste modu bateko ustiapenak eta egokitzapenak egin behar dira lana duina eta motibagarria izan dadin. Kooperatiba txikiak sortzea, hurbileko produktuen salmenta, salmenta egonkorrak, oporraldiak… Landu daitezkeen potentzia handiko hamaika esparru daude.