NOV. 04 2024 Enpatia Jon GARMENDIA Idazlea Dena eraman du aurretik DANAk. Hizketagai nagusia bihurtu zaigu askori, eta hor, hildakoak kontatzeari utzita, tanta hotzari jarri diot begirada, zer den entziklopedian begiratzeraino: atmosferaren goialdean eratzen den aire beroarekin inguratutako aire hotzezko masa handia; azaleko mapetan ez zaiola antzematen eta ezegonkortasun handia sortzen duela. Seguruenik, kazetariek eman dituzte egunotan azalpenok, baina begiak hilen kopurura joan zaizkit. Kosta egiten zait halere, tragedia honetan izandako hildakoak Palestinako edo Libanokoetatik desberdintzea, baita hiru lekuetan egun bizi duten horrorea ere, beharbada, nik ez baitut hurbilekorik galdu, eta ez dut friboloa izan nahi konparazioetan sartuz, baina hildakoak gizakiak berak sortzen dituelakoan nago, naturari kontra eginaz edo gerraren natura eraginaz. Bizitzaren tragedia bailitzan mina eta samina. Ez dut oroitzen nork erran zuen, baina halakoak bizitza guztirako sufrimendua uzten omen dio pairatu duenari, min horrek beti iraungo omen du harengan, eta gugan, aldiz, albistegietako minutu bakan batzuk. Hau dena horrela izango den susmoa daukat. Duela bi urte hildako William Hurt aktoreak esaldi hau esan zuela, bai, oroitzen dut: «Tragedia atzerriko herrialde bat bezalakoa da. Bertakoekin ez dakigu nola hitz egin»; ‘‘Armiarma emakumearen musua’’ filmeko aktorearen hitzak baliatu nahi ditut bertakoen hizkuntza ulertzen saiatuta enpatia indartzeko.