Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THIS TOWN

Garai gorabeheratsua, baina kulturalki oso aberatsa

Peaky Blinders” telesailaren sortzaileak, Steven Knightek, 80ko hamarkadako Ingalaterrara eramango du ikus-entzulea, Margaret Thatcher lehen ministroa zen sasoira; garai gorabeheratsua, baina kulturalki oso aberatsa.

Ñabarduraz beteak dauden pertsonaia oso konplexuak eraiki ditu Knightek, eta aktore gazte (ia) hasiberriek primeran jokatuko dute horien rola. Pertsonaien alorra itxi aurretik, azken aipamena: emakumezko pertsonaia sakonagoen falta sumatzen da. Bardonen amaren arku narratiboa izan liteke interesgarriena akaso, baina gainerakoek presentzia nahiko eskasa dute. Lehen ataletan, testuingurua patxadaz aurkeztu eta garatzeko tartea hartzen du; behin oinarriak finkatuta, bigarren ataletik aurrera beste kutsu biziago bat hartzen du. Musika nola erabiltzen duen, hori da “This is England” apartaren kutsua duen telesail honen beste gakoetako bat, bereziki ska eta 2 tone generoak. Abestiak indar bateratzaile gisa erabiltzen dira, eta pertsonaiei melodiak eskaintzen zaizkie beren errealitate gogorretatik ihes egiteko arnasgune modura. Musika beste pertsonaia bat balitz bezala erabiltzen du sortzaileak. Abestiek, uneko giroa harrapatzeaz gain, pertsonaien barne borroketarako euskarri emozional gisa ere balio dute. Musika ez da entretenimendua soilik; matxinatzeko eta bizirauteko modu bat ere bada. Hori frogatzen du telesailak.

Noizbehinkako erritmo arazoak dituen arren eta umorearen eta indarkeriaren artean tonu aldaketa zakar samarrak dituen arren, telesailaren bihotza oso distiratsu eta zirraragarria da; gaztetasunaren, sormenaren eta borroka sozialaren esplorazio hunkigarria eskaintzen du. Egoera zailak gainditzeko, arteak duen ahalmenari buruzko hausnarketa hunkigarria da, eta musikak duen botere eraldatzaileari buruzkoa. Nortasun handiko proposamena Steven Knightena.