GARA
BAIONA

Airbnb alokairuak arautzeko lege berria onartu du Legebiltzar frantsesak

Etxebizitzaren krisiari erantzuteko bidean, diputatuen onarpena lortu du “Airbnb Legea” delakoak. «Bi urteko lanaren, disoluzio baten eta lau etxebizitza ministroren ondotik, azkenean behin betiko bozkatu dugu gure testua, etxebizitza turistikoak arautzeko. Urteetan bizileku iraunkorraren alde mobilizatu diren guziei zor genien», nabarmendu zuen atzo legearen bultzatzaile Iñaki Echaniz PSko diputatuak.

Izan ere, Kazeta.eus-ek gogora ekarri zuenez, lege-proiektua kasik bi urtez izan da labean. Echanizek, Fronte Popular Berriaren (NFP) zerrendako hautetsiak, hain zuzen, aitzineko legealdian ezarri zuen martxan, Airbnb bezalako plataformek urte osorako alokairuaren merkatuan sortzen duten distortsioa zuzentzeko xedez. Azken honek Annaig Le Meur (Renaissance) diputatuarekin batera eraman du lege-proposamena.

Lege-proposamen honen helburua tentsio handiko eremuetako alokatzaile iraunkorren etxegabetze-fenomenoei aurre egitea da, epe ertain eta luzeko alokairurako etxebizitzen merkaturatzea bultzatuz, eta, aldi berean, zona bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuz. Etxebizitza bat bizitzeko alokatzearen eta turismorako alokatzearen arteko erabilera gatazkak mugatzea du asmoa.

Elkarlanean ari dira Ipar Euskal Herritik NFPren izenean hautatutako hiru diputatuak. Ildo horretan, Peio Dufau koalizio ordezkari eta EH Baiko kideak urrats oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. «Garaipena» da, haren aburuz, etxebizitza turistikoak arautzeko Asanblean onartutako testu berria, «auzapezek eskua izanen dutelako».