GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Danaren dena aztergai


Natura hondamenak omen, uholdeak. Lurrikarak ere, omen. Gurea hiztegi tentsionatua! Kosta egiten zaigu batzuen hondamena eta besteen ondasuna nork-nori-zer sisteman modu naturalean kateatzea. Bada, hiztegiko hitzetaraino eroan behar genuke ekonomia zirkularraren funtsa, hitzon bizi zikloa bere osoan hartuz. Higatu ez daitezen. Hitzak huts utz ez ditzagun!

Tira, uholdeen harira! Naturazkoak omen. Hortaz, ez ditzagun bazterrak nahasi, zenbait prentsak hori egiten badu ere, lohiak berak baino gehiago. Zerukoa eta lurrekoa bereiz ditzagun. Eta lurrekoan lurrazalekoa eta lurpekoa, garajekoa esate aldera! Kausetan badira zerukoak eta lurrekoak, ordena horretan. Ondorioetan denak dira lurrekoak, eta gehienak lehen lurzorua eta orain zementua duten eremu transgeniko tentsionatuetan, erreka hur edo urrun izanda ere. Hots, zeru-ura lur-ur eta lur-ura ur-olde arineketan bihurtu duen horretan jarri behar da arreta, lehen arreta osasuntsua. Errekak kale eta kaleak ubide bihurtu dituzten horietan. DANA batean dena dago aztergai, eta, aurrekontuetan legez, bestelako gerorako bideak zabaldu behar ditu, atzekoz aurrera pentsatuta.

Autosuntsipena izan dela pentsa liteke. Kaleak auto metaketak hartuta, kaos desordenatu batean, fikzioa errealitate, ur lasterrari galga gehigarria, lohi eremu latza, kalea hilerri, kausa ondorio bihurtuta. Saltoki handietan lokatza eta lupetza apalategi berean, iraungitze datarik gabe. DANAk ura baino ekarri ez bazuen ere. Autobabesa helburu, batzuek garajeko autoa helbide. Auto hitzaren esanahi bihurria… auto-oldea!

Eta zer izan zen ozeanoz bestaldeko hauteskundeena? Naturala ote lurrikara? Elefantea trastetegian eta astoa asto. Ondorioen argira ikasiko ote kausetan eragiten? Eta han denak dira lurrekoak!