Euskara «larrialdi» egoeran dagoela ohartarazi du ELENen agiri batek
«Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi zuen ELEN Europako hizkuntza minorizatuen aldeko eragileen sareak Bilbon plazaratutako azken agirian. Hizkuntzaren politikan jauzi bat egin ezean, bizigarritasun soziala galtzen hasteko bidean dagoela ohartarazi zuten.
ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialak biltzen dituen sareak «euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan» daudela ohartarazi zuen atzo, Bilbon egindako batzarrean.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Elin H.G. Jones ELENeko presidenteak eta Davyth Hicks sareko idazkari nagusiak eman zuten azken batzar honetan ondutako ohartarazpenaren berri. Euskara egoera horretara eraman duten hainbat faktore aipatu zituen sare europarraren adierazpenak, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan antzemandako moteltze zantzuetatik hasita. Izan ere, azaldu zuten hiztun kopurua handitzen doan arren, badaudela aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak.
«Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apaltzen ari da oraindik, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesuan, Euskal Autonomia Erkidegoko gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da, euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago dira», adierazi zuen sareak.
Beste datu bat nabarmendu zuten, errealitate soziolinguistikoarekin lotua: «Hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak».
Ahultasun horrek lotura du euskararen eta euskal hiztun komunitatearen estatusarekin, agiriaren arabera.
Gogoratu zuten euskararen ofizialtasuna ukatuta dagoela «euskal lurraldeko alde zabal batean, Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroako zati handienean».
Hizkuntza ofiziala den lurraldeetan, gaineratu zutenez, «hizkuntzaren politikak eraisten ari diren» ebazpen judizialen errealitatea dago.
HIZKUNTZAREN ERRONKAK
«Oldarraldi horrek badu dimentsio politiko eta mediatikoa ere. Tamalez, euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugaritu egin dira», aditzera eman zuen ELEN sarearen ebazpenak.
Bien bitartean beste erronka batzuk ditu euskarak, globalizazioarekin lotuta. «Mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio biziberritze prozesuari», eta bizitzaren digitalizazio eta merkantilizazioak ere euskararen kontra jokatzen du: «Hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoagoak dira, eta hizkuntza minorizatuak, are eta zaurgarriagoak».
Ohartarazpenean, arranguran ez erortzeko deia nabarmendu zuen Europako hizkuntza gutxituen eskubideen defentsan aritzen den antolakundeak, eta larrialdi egoeraren aurrean, gogoetarekin, ekinbide berriekin eta konpromisoarekin erantzuteko beharra aipatu zuten ELENeko ordezkariek.
Auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea da helburua, eta «bizitza bera larrialdian jartzen ari den testuinguruan, homogeneizazio kulturala saihestu» eta hiztun komunitate minorizatuen biziberritzea bultzatzeko deia egin zieten Europako erakunde eta eragileei.
Adierazpenak ekarriko duenaz galdetuta, Eskisabelek aipatu zuen ELENek bere lanarekin jarraituko duela, hizkuntza komunitate ezberdinekin eta arlo ezberdinetan hainbat lanketa eginez. Ekinbide juridiko bat abian dagoela esan du, Estatu espainolean zein kanpoan gertatzen ari diren oldarraldi juridikoei aurre egiteko. Euskalgintzak gogoeta egitea eta ekinbide berriak diseinatzea izango da urratsetako bat.