NOV. 12 2024 Indarkeria matxista ukatzen dutenei aurre egiteko kanpaina Indarkeria matxista ukatzen duten sare sozialetako mezuak agerian utzi eta datuekin indarkeria matxista nabarmena dela frogatzea da aurtengo Emakunderen kanpainaren muina, azaroaren 25a dela eta. Emakundek 2024ko azaroaren 25aren inguruko kanpaina aurkeztu zuen atzo. (IREKIA) GARA GASTEIZ “Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko”. Hori da, Emakumeen indarkeraren aurkako aurtengo eguna dela-eta, Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek eta EUDELek sortutako kanpainaren leloa. Atzo goizean aurkeztu zuen Imanol Pradalesek gazteekin egindako topaketa baten bidez, eta azaroaren 25a bitarte iraungo du. Kanpainaren funtsa herritarrei «indarkeria matxista hutsaltzen duten diskurtsoei aurre egiteko» deia da. Hilabete honetako 25a bitarte hainbat iragarki zabalduko dituzte. Sareetan aurki daitezkeen eta indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu lehenengo iragarkiak, hala nola «emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da», «indarkeriak ez du generorik» edo «beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen». Eta iragarkian bertan, segidan, datu batekin erantzuten zaie baieztapen horiei: «6.513 salaketa erregistratu ziren 2023an EAEn emakumeen aurkako indarkeriarengatik». Atzo goizeko aurkezpenean iragarkia ikusi zuten Lakuako lehendakariak eta gazteek, eta ondoren gogoeta egin zuen Pradalesek: «Indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea lehentasuna da Lakuarentzat eta erne egon behar da, ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin baitu eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari baitira». Era berean, euskal gazteria emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beti agertu dela adierazi zuen Pradalesek, eta elkarrizketak emateko espazioen beharra nabarmendu: «Asko hitz egiten dugu gazteei buruz, baina ez diegu beti entzuten». GAZTEEN PROTAGONISMOA Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Elisa Garcia Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko irakasle eta ingurune digitaleko indarkerian adituak ere parte hartu zuten aukezpenean. Irakaslea gazteengana zuzendu zen, interneten areagotu diren erreakazioen inguruan galdetuz: «Zer da incel bat? Nortzuk dira tridewives izena hartzen dutenak? Eta gymbros eta criptobros izenekoak?». Ondoren, ikasleen eta adituen artean galderak erantzuteko eta hausnarketak partekatzeko tartea hartu zuten. Elgarrestak, bestalde, gazteek berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean duten protagonismoa azpimarratu zuen: «Badakigu gazte gehienek emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duzuela eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde zaudetela, eta horregatik, hain zuzen ere, uste dugu garrantzitsua dela mezu horiek nondik datozen jakitea eta baliabideak izatea zuengan eta gugan eraginik izan ez dezaten». KOLEKTIBOKI INDARTU Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak adierazi zuen udalek «udalerrietan euste-horma kolektibo bat aktibatzeko» konpromisoa hartu dutela, «emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo banalizatzen duen edozein erreakzio matxistaren aurrean». Tokiko eragileekin batera elkarlanean lan egitean proposatu zuen. 6.513 SALAKETAEmakundek datuak azalera ekarri nahi izan ditu, emakumeen aurkako indarkeriarik ez dagoela dioten diskurtsoen aurrean: «6.513 salaketa erregistratu ziren 2023an EAEn emakumeen aurkako indarkeriarengatik».