GARA Euskal Herriko egunkaria

Nazio izaeraren aitortza aldarrikatuko du Sortuk azaroaren 20ko mobilizazioan

Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta herri gisa aritzeko unea dela nabarmenduko du Sortuk azaroaren 20an Bilbon, gerra zikinak Brouard eta Muguruza hil zitueneko 40. eta 35. urteurrenetan.

Brouarden eta Mugurzaren omenezko ekitaldia, iaz. (M. RAMIREZ | FOKU)

Sortuk manifestazioa egingo du Bilbon heldu den azaroaren 20an, Estatu espainolaren gerra zikinak Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zitueneko 40. eta 35. urteurrenetan, “Herriaren arnasa - Independentziarako Indarra” lelopean.

Estatuak eragindako biktimen aitortza eta erreparazioa exijituko ditu eta erantzukizunak hartzeko deia ere egingo du.

Mobilizazioa 19.00etan abiatuko da Brouarden kontsulta zegoen tokitik (Errekalde zumarkalea 8) eta Plaza Barrian bukatuko da, plazan bertan egingo duten ekitaldi politikoarekin.

Sortuk ohar batean azaldu duenez, Brouard eta Muguruza oroitzearekin batera, «haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago dagoela» aldarrikatuko dute, baita «nazio bulkadari arnasa emateko une erabakigarria dela» ere.

NAZIO AITORTZA ETA BIKTIMEI AITORTZA

«Nazio zapaldua da gurea, eta proiektu espainol eta frantses zapaltzaileek gure herriari arnasa kendu nahi izan diote mendeetan zehar», adierazi du Sortuk hedabideei helarazitako oharrean. Bide horretan, nazio askapen mugimendua «ito nahi izan dutela» azpimarratu du Sortuk, eta horretarako, besteak beste, «gerra zikina» erabili izan dutela gaineratu du, «Santi eta Josuren erailketetan, kasurako».

Estatu espainolak eragindako biktimen aitortza ofizialetan «urratsak» egin direla aitortu arren, Sorturen iritziz «oraindik bide luzea egiteko dago aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan».

MEMORIA OSOA

«Batzuek memoriaren eta errelatoaren esparrua polarizatzera jo nahi dute, euren posizioa indartu eta errelato partzialak bultzatzeko», gaitzetsi du. Horren aurrean, «memoria osoaren eraikuntzaren alde» egin behar dela defendatu du, «euskal jendarteak nahi eta behar duen gisan».

«Ezinbestez», gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola aditzera eman du alderdi subiranistak, eta bide horretan «une erabakigarria» bizi dugula nabarmendu nahi izan du: «Nazio aitortzaren eta estatus politiko-juridiko berrien inguruko eztabaida betean gaude».

Nazio askapen prozesuari bultzada emateko deia egin du Sortuk, denon artean independentziara bidean aurrera urratsak egin ahal izateko.

«Gu guztiok, militanteok, arnasa gara, nazio aldarrikapena berreskuratzeko eta erdigunean kokatzeko», amaitu du.