NOV. 13 2024 70 urteko andere bat eta biloba Erandion etxegabetu dituzte, Ertzaintzak lagunduta Mailegu enpresa batekin izandako zorrei aurre egin ezinik, 70 urteko emakume bat eta haren biloba etxegabetu zituzten atzo Erandioko Astrabudua auzoan. 40 urte zeraman bertan bizitzen. Ertzaintzak kargatu eta bi pertsona atxilotu zituen, mobilizazio batez etxegabetzeari aurre egiteagatik. Ertzaintza, manifestarien aurka. (Mikel MTZ. DE TRESPUENTES | FOKU) GARA ERANDIO Astrabuduako (Erandio) etxebizitza batetik 70 urteko emakume bat eta haren biloba kaleratu zituzten atzo. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizaziora deitu zuen, etxegabetzeari aurre egiteko. Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen. Emakumeak %69ko desgaitasuna du, eta 40 urte inguru zeramatzan han bizitzen. Bideo baten bitartez azaldu zuenez, duela zortzi urte mailegu enpresa bati 7.000 euro eskatu zizkionean hasi zen afera hau. Mailegu emaileek gehiegizko klausulak ezarri zizkioten eta horren ondorioz interesak 60.000 eurotik gora igo ziren; gainera, bere etxea berme gisa jartzera behartu zuten. Orain, zorraren ondorioz, etxebizitza kendu diote, nahiz eta emakumeak duela sei urte iruzurragatik salaketa aurkeztu zuen epaitegietan. Emakumearen diru iturri bakarra alargun pentsioa da, 700 eurokoa. Horregatik, azken urteetan luzamendua aplikatu diote zenbait alditan. Azken zaurgarritasun txostena, ordea, bere aurkakoa izan da, eta horrek etxegabetzea ahalbidetu du. Erandioko Udaleko gizarte zerbitzuek emakumeari aldi baterako irtenbidea eskaini diote. Sei hilabetez sartu ahal izango da udal etxebizitza batean, eta astelehenetik ditu giltzak, egonaldia beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin. Aldi berean, Lakua irailetik larrialdietarako etxebizitzen esleipen bat kudeatzen ari da, nahiz eta prozesuak oraindik martxan jarraitzen duen. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etxegabetzeari aurre egin ziotenak indarrez aldendu zituzten ataritik, eta tentsio uneak bizi izan ziren. Poliziaren kargetan bi pertsona atxilotu zituzten. Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, agenteen aurkako atentatua eta erresistentzia egotzi diete. Atxilotuetako bat anbulatoriora eraman behar izan zuten, zaurituta. Beste zortzi lagun identifikatu zituzten eta haietako batzuk salatu. Zaurituak «asko» izan zirela esan zuen Etxebizitza Sindikatuak. 10.30erako heldu behar zuen etxegabetzea gauzatzeko segizio judizialak, baina ordu erdi atzeratu zen. Bitartean, ertzainak atarian sartu ziren. 11.00ak aldera iritsi ziren segizio judiziala eta sarrailagilea, eta kaleratzea burutu zuten.