GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Maite Errarte
Aranzadiko Etnografia saileko zuzendaria

«Gordetzen ditugun objektuen arabera, euskal gizarte jakin bat irudikatzen da»

Maite Errarte izango da Aranzadiren Etnografia saileko zuzendari berria. Fermin Leizaolari lekukoa hartuta, garaiko gizartearen argazki fidela osatzen jarraitzeko asmoa du NAIZ irratiari eskainitako elkarrizketan azaldu gisa. Hasieran bertigo pixka bat ematen bazion ere, Leizaolaren itzala «oso luzea» delako, erronka bezala hartu du eta gogotsu dago.

(Sara IRIARTE)

4.000 objektu dituzue gordailuan. Garrantzitsuak dira gure gizartea ezagutzeko?

 Fermin Leizaola 60 urtez ibili da objektu hauek bildu eta bildu. Baten batek esango du, «zer ari da traste zaharrak jaso eta jaso», baina objektu hauek, gure kultura material hauek, gure historia eta gure kultura ezkutuaren garapenaren lekuko ukigarri dira, objektu hauen bidez historia ukitzen dugu. Gainera, objektu hauek balio emozionala dute askotan. Balio estetiko bat ere badute. Garrantzitsua da objektu hauek kontserbatzea.

Bidebietako laborategian lan egiten duzue. Nolakoa da bertako lana?

Tailerra dela esango genuke. Bertan dohaintzak jasotzen ditugu, Aranzadiri ematen zaizkionak, eta aritzen gara objektu hauek garbitu, txukundu, katalogatu eta erregistro grafikoa egiten. Pixkanaka Aranzadiko barne ondarearen bilduma bat sortzen ari gara.

Kate moduan lan egiten dugu. Dohaintzak jasotzen ditugu eta inoiz erosketak ere egin izan ditugu, objektu bat oso garrantzitsua iruditzen bazaigu. Garbiketa pixka bat egin, argazkia egin, datu basean gehitu, deskribapena osatu eta biltegiratu egiten dugu. Ondoren, kontsultarako edo ikerketarako eskuragarri geratzen dira.

Beharbada askori burura etorriko zaiena Euskal herriko baserri klasikoko objektuen bilduma da...

Objektuen aukeraketan hautu bat dago, eta azken urteetan euskal gizarte tradizional hori irudikatzea lehenetsi da. Orain objektu industrialagoak lehenesten ari gara. Erabaki horrek ondorio bat du: zer euskal gizarte irudikatuta geratuko den ikusiko dugu. Baserriko tresnak bakarrik gordez gero, eman dezake euskal gizartea XIX. mendean fosildua gelditu dela.

Industria arloan, zer nolako elementuak jaso dituzue?

Gorde izan ditugu detergente edo xaboi danborrak edo komertzioren bateko kalkulu makinak. Baina baita ere orain arte horrenbeste begiratu ez direnak baina gure gizarte industrialekoak direnak.

Arlo garaikideko objektuak biltzen dituzue?

Oraindik ez gara hasi. Aranzadin dugun espazioa ez da oso zabala. Beraz, arazo hori badugu. Hala eta guztiz, pentsatu dugu egitea. Baita ere pentsatu dugu mugikorretik pasatzen diren stickerrak eta horrelako gifak biltzen hastea. Jendea oso burutsua da eta gure gizarteko problematika eta eztabaida interesgarrien gaiak sortzen dira halako lekuetan. Hasi beharko genuke nolabait jasotzen, hori ere gure gizartearen isla baita.