GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Hirugarren posturako lehia irabazi arren, «bosgarren» kokatu da Elordi

Aitor Elordik irabazi zuen hirugarren postuko lehia, Erik Jaka 9-22 mendean hartuta, Zumarragako pilotalekuan. Aurrelari mallabitarrak azken orduan jantzi zituen praka zuriak, Jokin Altunak, ukalondoko minez, partida jokatzeari uko egin baitzion.

Aitor Elordik 18 egindakorekin bukatu zuen Erik Jakaren aurkako lehia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tramiteak pasatzen diren eran bete zuen Aitor Elordik Zumarragan egokitu zitzaion papera: sendo eta segituan, gehiegi luzatu gabe. Lau eta Erdiko txapelketako hirugarren postua irabazi zuen mallabitarrak, Zumarragako pilotalekuan jokatu zen deman 9-22 markagailuarekin Erik Jaka mendean hartuta. Apenas ordu erdi iraun zuen partidak (34 minutu) eta ez zen iritsi 200 pilotakadara (146 orotara).

Hanka freskoekin ikusi zitzaion Aspeko aurrelariari, nahiz eta azken orduan jantzi behar izan zituen praka zuriak. Ezustekoa eman zuen goizean, Jokin Altuna min hartuta zegoela iragarri zuenean Aspe enpresak. Txapelketako araudiari jarraiki, Lau eta Erdiko ligaxkako hirugarren pilotari onenari zegokion partida jokatzea eta hori Aitor Elordi zen. B multzoan hirugarren bukatu zuen, Peio Etxeberria eta Lasoren atzetik -bi finalisten atzetik, alegia-, partida bakarra irabazita, Jon Ander Peñari (22-21). A multzoan Iraitz Zubizarretak egin zuen hirugarren, honek ere partida bat irabazita, baina egindako eta jasotako tantoen arteko aldea hobea zuen aurrelari bizkaitarrak (42 egindako eta 65 jasotako).

Elordirentzat goizeko albistea ustekabea izan zen, baina Erik Jaka benetan ezustean hartu zuena mallabitarraren jarrera oldarkorra izan zen, tantoak hasi eta bukatzeko definizioa eta hanka onak. Lizartzakoari kosta egin zitzaion erantzutea eta, lehen txanpan indarrak apur bat berdintzea lortu bazuen ere (9-14), partidaren bigarren erdian kolorerik ez zen izan bien artean.

ELORDIK, «ERRITMOA»

«Pilotaleku honetan erritmoa jartzen zuen pilotariak irabazteko asko zeukala banekien; frontisean asko ateratzen da eta defendatzeko zaila izaten da. Nik jarri dut erritmoa eta, egia esan, gustura nago osatutako partidarekin», esan zuen Elordik, behin partida -edo tramitea- pasatuta.

Zorigaiztokoa izaten da hirugarren egitearen saria -finalistetako batek mina hartuz gero ordezkatzea-, inork ez baitu egoera horretara iritsi nahi. Ezta Elordik ere. Are gutxiago egoera honetan, berak bere burua «bosgarren» postuan ikusten baitu. «Gaurko papera ahalik eta ondoen egiteko intentzioz kantxaratu naiz. Lortu dut nire aurretik egin duen pilotari bati irabaztea -Jaka finalerdietara sailkatu baitzen-, baina txapelketa honetan nire benetako postua bosgarrena izan da».

Modu berean, ez zuen aipatu ere egin nahi izan finalisten balizko lesiorik, «bi finalistek ondo merezita baitaukate finala». Hain justu, final-laurdenetako ligaxkan aurrean izan zituen biak mallabitarrak eta bien aurka galdu zuen. Beraz, Elordik irudikatzen duen hurrengo partida finalaren aurrekoa da. Telonero izango da Zabaletarekin batera. «Finalaren aurreko partida jokatzea polita da; orain arte ez dut aukera asko eduki. Zabaletarekin jokatuko dut gainera; beti oroitzapen politak ekartzen dizkit horrek eta ea bete-beteko partida egiten dugun».

JAKA, «KORAPILATUTA»

Atzo bete-beteko partida egin zuen, 18 egindakorekin partida osoa burututa. Sakez sei egin zituen eta galdu zituen biak ere sakez izan ziren. Erik Jaka nahi eta ezinean aritu zen, defentsan ezin asmatuta eta erasoan ere fintasunik gabe. 4-8ra hurbildu zen lizartzarra, baina ohartu orduko beste sei tanto egin zizkion Elordik eta, lehen atsedenaldi luzea tarteko, Jakak soilik bakarra egin ahal izan zuen, mallabitarra, azkar eta serio, 22ra nola iristen zen ikusten zuen bitartean.

«Finalerdietan dinamika okertu zitzaidan eta gaurkoa [atzokoa] horren segida izan da. Korapilo batekin bezala aritu naiz, askatu ezinda», onartu zuen Erik Jakak, aho bizarrik gabe. Finalerdietan Peio Etxeberriaren aurka eramandako kolpea eta atzokoa «lehenbailehen» ahaztu behar dituela esan zuen.

Lau eta Erdiko txapelketa bukatzean, Binakakoaren txanda izango da eta atzoko bi protagonistek ez dute lekua ziurtatuta. Gogoz jasoko lukete bertan lehiatzeko dei bat. «Modalitatez aldatzea ona litzateke, baina ez dago nire esku», adierazi zuen Jakak. Merezimenduak egin ditut hor egoteko; ilusio handia egingo lidake», esan zuen Elordik.