NOV. 18 2024 Pintxoak eta olatuak Surflari ernegatua Ben Gravy youtuberra Donostian izan da, eta bere bideoek arrakasta izan dute, ez sekulako olatuak hartu dituelako, saltzaile bikaina delako baizik. Urteko egun txarrenetako batean hartutako irudiek munduari buelta eman diote, eta, bide batez, euskaldunok zer nolako altxorra dugun erakutsi dute. Edo, hobeto esanda, erakutsi digute. Izan ere, ikusten ohituta gauden Urumea ibaiko eta Kontxako olatuak ez ditugu balioesten, baina hor daude, eta Ben Gravyk agerian utzi duen moduan, ezohikoak izateaz gain jolasteko egokiak dira. Donostiako Alde Zaharreko pintxoak bezala. Betidanik gure herri eta auzoetako tabernetan pintxo goxoak jateko aukera izan dugunontzat gauza normala da, baina Euskal Herrira etortzen diren atzerritarrek gehien maite duten gauzetako bat da, baita pintxoen inguruko marketin folklorikoak eta prezioek bertako herritarrak uxatu dituztenean ere. Gravy munduan zehar olatu bitxiak hartzen aritzen den surflari estatubatuar bat da. Bere esperientziak bideo laburretan biltzen ditu eta milaka jarraitzaile ditu. Bere bideoak erregularki ikusten dituzten zaleen artean aurkitzen naiz ni ere, eta aitortu behar dut ustekabean harrapatu ninduela, ez bainuen inoiz pentsatuko euskal kostaldean hartutako irudiekin bideo bat egingo zuenik. Gehien harritu nauena, ordea, hain baldintza txarretan hartutako irudiek izan duten arrakasta da. Bideoei izen deigarriak jartzen dizkie Gravyk ikusleak erakartzeko. «Massive 15 ft tide swing creates wave inside of city» (15 oineko marea handi batek olatu bat sortzen du hiri barruan); izenburu hori du Donostian egin duen bideoak. Egia da itsasaldi handiek eragina dutela Urumean gora abiatzen diren olatuetan, baina baita itsaskiek ere. Itsasaldi handiekin eta itsaski indartsuekin olatu handiagoak sortzen dira. Gravyk bideoa grabatu zuenean itsasaldiak handiak ziren; alegia, koefizientea handia zen baina, aldiz, itsaskia ez zen indartsua. Ondorioz, Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharra eta Kursaal jauregia bereizten dituen zubiaren azpian Gravyk hartutako olatuak txikiak ziren eta ez ziren hain ikusgarriak. Kontxan, Alderdi Ederreko hormari itsatsita altxatzen den eskuin olatuan hartu zituen olatuak ere txikiak ziren, baina jostagarriak, eta, horrela, bi lekuetako olatuekin eta Alde Zaharrean dastatutako pintxoekin bideo polita egitea lortu zuen Gravyk, Estatu Batuetako surflari influencerrak. Olatu horiek hor egon dira beti, eta hor daude. Urteko egun askotan har daitezke, baina orain artean surflariek ez diete kasurik egin. Ez dira kalitate oneko olatuak, baina maila ertaina duen surflariak metro dezente egin ditzake olatu gainean eta goza dezake, baldin eta pilaketak sortzen ez badira, leku zehatz batean jende asko egoteak arriskua sor baitezake. Beraz, ez harritu, baldintzak onak diren egun batean, irudimenik gabeko beste youtuber edo influencer batek antzeko bideo bat egiten badu. Horrela bada, ea saiakera egiten ari denean horma jotzen duen, apur bat originala izateko... Urumea ibaiko eta Kontxako olatuak ez ditugu balioesten, baina hor daude, eta Ben Gravyk agerian utzi duen moduan, ezohikoak izateaz gain, jolasteko egokiak dira.