NOV. 21 2024 Sindikatuek negoziazioan epemugak ez dituztela onartzen esan diote Gimenori Hezkuntzako mahai sektorialeko sindikatuek negoziazioan epeak jartzearen aurka daudela esan zuten atzo. Hilaren 28a baino lehen konpromisoen aurretiko akordioa sinatzeko eskatu zien Gimenok. Nafarroako Hezkuntza publikoko sindikatuek greba egin zuten urriaren 29an. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA IRUÑEA Nafarroako Hezkuntza publikoaren mahai sektorialean dauden sindikatuek (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT) Carlos Gimeno kontseilariari atzo adierazi zioten negoziazioetan epemugak jartzearen aurka daudela. Horrela erantzun zioten sindikatu horiek, ohar baten bidez, Hezkuntza Departamentuak azken mahai sektorialean aurkeztutako dokumentuan ezarri zituen epemugak ez dituztela onartzen esanez, «itun baten negoziazioa ezin baita horrela mugatu». Horrekin batera, Hezkuntza Departamentuaren proposamenari dagokionez, indarrean dagoen itunean agertzen diren irakasleek eta ikastetxeek eskuratutako eskubideei eusteko bermea sartzea eskatu zuten idazkian, 2025ean beste bat negoziatzen hasi ahal izateko. Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute onartzen «neurri horien balizko akordio bat hezkuntza itun berri baten sinadurarekin lotzea». BEHIN BETIKO PROPOSAMENA Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak joan zen astelehenean helarazi zien azken proposamena sindikatuei, “Hezkuntzaren Ekitatea eta Kalitatea Hobetzeko Ituna” delakoa sinatzeko edukien behin betiko proposamena, eta azaroaren 28a baino lehen orain arte lortutako hasierako konpromisoak biltzen dituen akordioa sinatzeko eskatu zien. Eskaintza horretan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 55 urtetik gorako irakasleei eragiten zieten neurriak kendu zituen, eta errefortzu pedagogikoa Bigarren Hezkuntzara hedatzea, deskonexio digitala lantzea eta soldata eskariak Funtzio Publikoko Mahai Orokorrera eramatea eskaini zuen, besteak beste. Horren aurretik ere intersindikalak errefusatu egin zuen Gimenoren proposamena, «nahikoa ez zela» argudiatuta. Orduan, intersindikalak adierazi zuen «proposamenak aurreko bi aldietan eskaini zigutenaren ildotik» zihoala, hau da, «berrikuntza txikiren bat» zegoela, baina ia ez zegoela «aurrerapausorik», eta, gainera «murrizketak» aurreikusten zituela; beraz, ez zela «nahikoa». ITUNASteilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute onartzen «neurri horien balizko akordio bat hezkuntza itun berri baten sinadurarekin lotzea».