GARA Euskal Herriko egunkaria
Jorge Egocheagaren errekorra ondu du

Kilian Jorneten 12 ordu eta 49 minutuak Aconcagua mendian

Jorge Egocheagak duela zortzi urte ezarritako marka (13 ordu eta 46 minutu) ordubete hobetu du mendizale katalanak. Igoeran, Egocheaga indartsuagoa izan zen; jaitsieran, berriz, Jornet nagusitu zaio.


Hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduera ez da berez mendiko lasterketa bat, baina lotura estua du. Korrikalari bat, Kilian Jornet, eta mendi bat, Aconcagua. Eta bien artean, krono baten denbora. Txirrindularitzan erlojupeko bat dena.

Agian, irakurleak gogoan izango du mendiko zein eski-alpinismoko lasterketetan hain entzutetsua dugun mendizale katalana «Summits of my life» proiektuan buru-belarri dabilela. Beste era batera esanda, mendi garai eta ezagun batzuk ahal bezain azkarren igo nahi ditu. Batzuk sinatu ditu dagoeneko: Mont Blanc, Matterhorn, Elbruz eta Denali. Azkena, berriz, Aconcagua mendia (6.959 m) izan da. Eta berriro ere aurretik zegoen errekorra ondu du. Horcones-Aconcagua-Horcones ibilbidea gauzatzeko 12 ordu eta 49 minutu behar izan ditu. Eta hori pasa den abenduaren 23an erdietsi zuen.

Era horretan, duela zortzi urte Jorge Egocheagak erdietsitako marka (13 ordu eta 46 minutu) gainditu du. Hori bai, Aconcaguako xede horretan katalana ez da guztiz nagusitu. Asturiarra, adibidez, Andeetako mendi hori igotzen azkarragoa izan zen; izan ere, ordubeteko tartea atera zion. Baina, ondo baino hobeto ezagutzen dugu Jornetek zer-nolako teknika duen jaisten. Eta, hain justu, jaisten asturiarraren denbora gainditu du. Datu adierazgarri bat: Aconcaguako gailurretik Plaza de Mulasera (hots, kanpaleku nagusia) heltzeko ordubete baino ez zuen behar izan.

Bigarren saioan

Mendizale katalanak bi saio behar izan ditu errekor hori lortzeko. Lehena, abenduaren 19an egin zuen. Baldintzak ez ziren batere egokiak; guztiz kontrakoa. Besteak beste, 90 kilometro orduko haizeteak izan zituen, eta 6.500 metroko garaieran zegoenean, xedea bertan behera utzi zuen.

Bigarren saioa, aldiz, erabat biribila atera zitzaion, eginiko denborari dagokionez bederen. Soilik lau eguneko atsedena hartu ondoren, abenduaren 23an berriro kronoari eragin zion. Aurrean, ia 60 kilometroko ibilbidea eta ia 4.000 metroko goranzko desnibela. Eta, jakina, Aconcaguako gailurra.

Goizeko seietan irten zen, eta igoera «lasai» hartu zuen: «Igoera suabea egin nuen, besteak beste, jaitsierarako indarrak gordetzeko. Gainera, 6.500 metrotik gora garaierak arazoak eman zizkidan. Mantso joan nintzen, aurretik ibilbide luzea nuelako».

Tontorra zapaltzeko 8 ordu eta 45 minutu behar izan zituen, eta han 15 minutuko atsedena hartu zuen. Ondoren, hain gustuko duen jaitsierari ekin zion: «Plaza de Mulaseraino garaieraren ziztadak sufritu nituen: oreka galtzen nuen, giharrek ez zioten buruari kasurik egiten, erori egiten nintzen... Edan eta jan ostean, hobeto sentitu nintzen, eta, Horconeseko `helmugaraino', gorputzari buelta eman eta hobeto egin nuen lasterka. Eta ziur asko egoera horrek Egocheagaren denbora hobetzen lagundu zidan. Bai, jaitsieran asturiarrari bi orduko aldea atera nion».