JAN. 12 2015 ALPEAK | Jarduera berezia Julien Irilliren bakarkako trilogia Alpeetako hiru ipar hormetan Pasa den udazkenean, alpinista frantziarrak hiru bide bakarka eskalatu zituen: Cervinoko «Schmid», Grandes Jorasseseko «MacIntyre-Colton» eta Mont Blanc du Taculeko «Supercouloir». Jaitsiera guztiak, berriz, parapentearekin egin zituen. Andoni ARABAOLAZA Orriotan behin eta berriz aipatu izan dugu pasa den udazkenean Alpeetako ipar hormetan baldintza zoragarriak izan zirela. Horren ondorioz, hainbat jardueraren berri eman genizuen. Neguan gaude dagoeneko, baina azpimarratzekoa den jarduera bat zintzilik genuen eta gehiago atzeratu gabe lerrootara ekarri nahi izan dugu. Protagonista ez da hedabideetan agertu izan. Julien Irilli du izena, eta argi eta garbi utzi du bakarkako eskaladetan ondo baino hobeto moldatzen dela. Izan ere, Alpeetako hiru ipar horma bakarrik sinatu zituen. Beste era batera esanda, trilogia bat burutu zuen: Matterhornen «Schmid» bidea, Grandes Jorassesen «MacIntyre-Colton» marra eta Mont Blanc du Taculeko «Supercouloir». Eta hori guztia gutxi izango balitz, alpinista frantziarrak jaitsiera guztiak parapentean sinatu zituen. Hurrengo lerrootan Irillik berak bide bakoitzean bizi izan zuena kontatuko digu. Barneko abentura Gizaseme bat naiz, baina batzuetan ez nago batere harro. Horrek guztiak erantzun erraza dauka: buruak gaiztakeriak egiten dizkigu, eta horren erruz geure beldurrak eta geure dudak gainditzea zaila da. Baina barneko indar bat badugu, eta horrek batzuetan laguntzen digu. Hainbat gauza norberarentzat soilik egin behar dira. Aurpegi hau bakarka eskalatzea, baldintzen gaineko informaziorik gabe, urratsik gabe eta soilik argazki batekin aipatutakoaren adibide bat besterik ez da. Ikono honen edertasun zoragarriak dena justifikatzen du. Zermatteko trenetik jaitsi bezain pronto, nire begiak naturgune bitxi horrekin liluratuta geratu ziren. Mendi garbia zein boteretsua; horrelakorik ez dut inoiz ikusi. Izaera horretako mendi asko daude planetan, baina hau bakarra da. Schwarzeeko igogailu mekanikoetan (2.600 m) nengoen goizeko bederatzietan. Ordubete beranduago, Honrlihutten. 10:30ean, berriz, ipar horman zintzilikatutako glaziarrean lehen urratsak egin nituen. Ordubete beranduago, errimaia bikoitza gainditu nuen. Hurrengo erronka anfiteatro erraldoian ez galtzea zen. Hona hemen une horren kontakizuna: Atzera begiratu, eta 1931. urtean Schimd anaiek eginiko eskalada irudikatzen saiatu naiz. Ezker-eskuin... galduta nago! Espero nuen bezala, puskatuta zeuden plaka itxurako sekzio batean oreka mantentzen saiatu naiz. Irtenbiderik aurkitzen ez badut, buelta erdi eman beharko dut. Intuizio pixka batekin aurrera segitu dut. Arratsaldeko laurak dira, eta gailurra patrikan dut. Bakar-bakarrik nago, eta erabat kontzentratuta. Solvayko aterpera heldu naiz. Ordulariari begiratu eta salto egin behar dut. Zermatten naiz. Hotelera iritsi eta egundoko harrera egin didate. Pozarren nago! Egun liluragarria Datu batzuk: Chamonix, 8:45; Aiguille du Miditik parapentearekin irten, 9:30; Leschauxeko aterpea, 10:00; «MacIntyre-Colton»-eko errimaian, 11:30; gailurra, 15:05 (3 ordu eta 35 minutu bidea eskalatzeko); Jorasseseko gailurretik parapentearekin atera, 15:30. Chamonix, 16:00. Arratsaldeko hirurak dira. Gailurra zapaldu dut. Negarrez. Denbora asko neraman amets hau buruan, eta azkenean lortu dut. Matterhornetik itzuli eta hainbat egun pasa nituen beste leiho on bat aprobetxatu ahal izateko. Itxaron behar izan dut; hori izan da giltza. Mendian pazientzia izatea ezinbestekoa da. Jakin badakit izaera honetako jarduera bat egin ahal izateko parametro jakin batzuk bete behar direla. Aiguille du Midin ipar haizeak jotzen du, baina oso suabe (15 kilometro orduko). Kilo bateko nire «jostailuarekin» egin dut salto, eta Leschauxeko glaziarrera (hots, aterpearen azpira) goizeko hamarretan iritsi naiz. Bidean Pascal Tournaire argazkilariarekin egin dut topo, eta hark esan dit bide osoa libre zegoela; hots, nire aurretik ez dudala inor aurkituko. Informazio horrekin lasaitua hartu dut; horrela goitik inork ez didalako ezer botako. Luxu bat da bidean bakarrik egotea. 11:30ean azken luzeak egin ditut. Bidaia honetarako Remi Thivelen krokisa eta informazioa erabili ditut, eta hari esker, arazo handirik gabe, «Walker»-eko irteerara iritsi naiz. Oso-oso arin sentitzen naiz, eta oso aske. Nola lortu ote dut? Parapentearekin jaisten ari nintzela ohartu nintzen batzuetan ametsak bizi egiten ditugula. Lau ordu Mendiak beste egun handi bat eskaini dit. Alabaina, ez naiz batere ondo sentitzen. Nekatuta eta urduri; hitz batean esanda, barnean hutsunea daukat. Urrunegi jo al dut? Honek guztiak zentzurik izango ote du? Bakarka eskalatzeak arriskuak ditu, baina prest nago eta, gainera, oso motibatuta. Galduta ibili naiz, lekua arrotza da, baina azkenean bide egokia aurkitu eta Gervasuttiko zutoinean sartu naiz. Emozioak orekatu dira, eta giharrak lasaitzen saiatu naiz. Batzuetan nekea nabaritzen dut. Aldatsak hasi aurretik alpinista espainiar batekin hitz bi egin dut. Atseden hartu ondoren, korridorearen 400 metroak aise gainditu ditut. Ordubete behar izan dut soilik. Izotza, elurra eta mistoa. Dorre gorrira heldu naiz. Azkenean, esertzeko eta nire oinak lasaitzeko leku on bat aurkitu dut. Arratsaldeko lau eta erdiak dira. Gailurra. Parapentea zabaltzea baino ez zait falta. Hau amaitu da. Bizitzan gertatzen diren hainbat ataletan bezala, uste dut oreka bat bilatu behar dela bakardadean eta beste norbaitekin ematen diren uneen artean. Mont Blanc du Taculekoarekin trilogia itxi dut. Ederra izan da jarduera. 800 metro aurretik, eta ED (5 eta 5c) zailtasunak. Orotara, 4 orduko jarduera izan da. Aurreko eskaladetan sentitu dudan gauza bera bizi izan dut azken honetan. Baina argi daukat izaera horretako eskalada asko ezin direla egin. Pozarren nago, baina batik bat bukatu dudalako. TRILOGIA. Julien Irilli alpinista frantziarraren xedeak Alpeetako hiru ipar horma izan ditu: Matterhorn, Grandes Jorasses eta Mont Blanc du Tacul.