Andoni ARABAOLAZA
Pirinioak | Ipar hormak

Euskal pirineistak gogotsu bide berriak proposatzen

Peña Teleran «Sonia» (M5) sortu dute, Peña Foraton «Sols el poble salva al poble» (M5+) eta Pala de Ip-en «Free bolts» (M6, 6b, A2+, 80º); azken hau gogorra eta estilo oso onean zabalduta. Proposamen berri guztietan Alberto Fernandezek hartu du parte.

Neguaren hasierarekin batera, zenbait euskal alpinista zailduk (agian, euskal pirineistak esan beharko genuke) ondo baino hobeto zorroztu dituzte pioletak zein kranpoiak; ondo baino hobeto zorroztu dituzte Pirinioetako ipar murruen baldintzak aztertzeko begiradak; eta ondo baino hobeto zorroztu dituzte mendilerroan marra berriak sortzeko dituzten motibazioa eta ilusioa. Eta horren guztiaren isla dira hurrengo lerrootan aurkeztuko ditugun hiru proposamen berriak.

Protagonistak aski ezagunak dira orriotan. Bat izan ezik, gainerakoak euskal alpinistak dira: Mikel Zabalza, Iñigo Andola eta Alberto Fernandez. Laugarrena, berriz, katalana dugu: Roger Cararach. Baina protagonista hauen guztien artetik batek, Fernandezek, badu plus bat; izan ere, pirineista horietatik bakarra da hiru jardueretan izan dena. Eta, hain zuzen, elgoibartarrarengana jo du GARAk mendilerroaren hiru ipar hormetan zabaldu dituen bideen berri jasotzera.

Mendi gidariaren lehen hitzak ekarri aurretik, jarduera horien guztien lerroburuak aurreratuko ditugu. Hasteko, pasa den abenduaren 22an, Zabalza, Cararach eta Fernandezek Peña Telera-n «Sonia» bidea (M5, 70º) sortu zuten. Bigarrena, aldiz, urtarrilaren 5ean, Andolak eta Fernandezek, Peña Forato-n: «Sols el poble salva al poble» ((M5+, 70º). Eta hirugarrena eta azkena, urtarrilaren 10ean, azken bi protagonistek Pala de Ip-en «Free Bolts» marra (80º, M6, 6b, A2+) zabaldu zuten. Hiru jardueren artean, azken hau, zalantzarik gabe, hamar izarreko jarduera.

Eta horrek guztia forma hartu ahal izateko, jakina, ipar horma horiek izan dituzten baldintza egokiak ezinbestekoak izan dira. Horrela argitu digu Fernandezek berak bederen: «Nahiz eta negu hasiera hau oso lehorra izan den, alpinismoa egiteko eta batez ere mistoko eskalada egiteko oso-oso baldintza onak izan ditugu. Udazken amaieran batez ere garaieran elur hezea egin zuen, eta hura paretetan itsatsita geratu zen. Ez zuen elur asko egin, baina behar den lekuan itsatsita geratu zen. Horrekin guztiarekin batera, bideetara egin ditugun hurbilketak oso erosoak izan dira; elurrik gabe, alegia».

Peña Telera

Neguaren lehen egunarekin batera, Cararach, Zabalza eta Fernadezek beren asmoa ondo tinkatu zuten. Horretarako, Peña Telera aukeratu zuten, eta «Senda de los cuervos» marraren eskuinean «Sonia» bideari (M5, 70º, 6 luze) forma eman zioten. Elgoibartarrak adierazi digunez, berez, mendi buelta bat ematera irten ziren, eta bide batez mendiaren baldintzak ikustera: «Zer edo zer eskalatzeko asmoa genuen, baina helburu jakinik gabe. Eguna argitu zuenean, pareta ikusi eta orduan ohartu ginen oso elur gutxi itsatsita zegoela. `Diagonal' aldera joatea erabaki genuen, bertan saltseatzeko xedearekin. Behin han ginela, marra berri honek elurra zuela ikusi genuen, eta diedro nagusira abiatu ginen. Zortea izan genuen; izan ere, hara hurbiltzeko bidea aurkitu genuen».

Protagonistak argitu nahi izan du lehenengo bi luzeak bakarrik direla berriak, erdiko zatiari dagokionez Martin eta Simon Elias anaiak `Triple bum' bidea sortu zutenean handik pasa zirelako eta azkeneko bi luzeak `Senda de los cuervos'-enak direlako. «Oro har, uste dugu bide polita dela, gozatzeko modukoa, zailtasunean iraunkorra, mistoko tarte ederrak dituena, ondo segurtatzen dena eta oso gogorra ez dena. Dagoeneko, hainbat errepikapen izan ditu», zehaztu du euskal pirineistak.

Peña Forato

Peña Teleran eginiko jardueran izan zituzten baldintza ezin hobeak ikusita, buruari buelta gehigi eman gabe Fernandez Peña Foratora abiatu zen. Oraingoan, sokalagun Andola izan zuen. Biek ala biek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, eta biek ala biek azken urteotan Pirinioetako mendi zein ipar pareta ezberdinetan makina bat neguko jarduera egin dituzte. Asko eta asko, proposamen berriak. Eta azken aurrekoa «Sols el poble salva al poble» bidea (M5+, 70º, 6 luze) izan da. Mendi gidariak dio bere kidea izan zela marra berri hori «fitxatua» zuena: «Marra oso polita da, agerikoa eta eskalatzeko oso luze bikainak ditu. Baliteke beste urte batzuetan mistoko luzeek elur gehiago edukitzea. Haitza ere, orokorrean, oso ona da».

Mistoa nagusi den marra hau dagoeneko sokada frantses batek errepikatu du, eta Fernandezek aholkatu nahi du azkeneko luzea baino lehenago tentuz ibili behar dela: «Frantsesak `Leandro-Arbeloa' korridoreraino jaitsi ziren, eta hori ez dugu aholkatzen. Hobe da bretxara heldu, pixka bat jaitsi eta ondoko murrura igotzea diedro azpiraino. Agian, zati hori krokisean ez dago oso argi azalduta. Guk jaitsiera bide normaletik egin beharrean, Riperako kanaletik egin genuen. Guztira, bi rapel: bat iltze batetik eta bestea abalakov bat eginda».

Pala de Ip

Mendi honen ipar aurpegiak badu «xarma» berezia pirineista zailduentzat. Luzea da, arrokaren kalitatea ez da oso ona, marra askorik ez du eta alpinismoaren osagai guztiak praktikan jartzeko aukera bikainak baino bikainagoak eskaintzen ditu. Bada, hori guztia esan ondoren, ez gaitu batere harritzen Andolak eta Fernandezek eszenatoki horretan «Free bolts» bidea (M6, 6b, A2+, 80º, 500 m) zabaldu izana.

Protagonistok ondo ezagutzen dute hain erakargarria egiten den murru hori, eta, inolako dudarik gabe, azken jarduera honi hamar izarreko izenburua jar diezaiokegu. Bai, alpinismoaren osagai guztiak jasotzen dituelako bere baitan, zailtasunean oso gogorra delako eta alpinista anglosaxoiek erabiltzen duten termino bat erabiliz, by fear means estiloan zabaldu dutelako. Hots, oso estilo onean. Bidearen izena, «Free bolts» (paraboltik gabe), guztiz argigarria da.

Fernandezen hitzak dira honakoak: «Bide gogorra da; batez ere, arrokaren kalitateagatik. Marra honekin obsesionatu samar geunden; Andolak berak orain dela lau urte esan zidan bide hori ikusi zuela eta geroztik ezin izan duela burutik kendu. Duela pare bat urte saio bat egin genuen, baina oso lehor zegoenez, ez genuen paretaren sarrerara hurbiltzeko aukerarik izan. Gainera, Huescako batzuk geure marra hau fitxatuta zutela entzun eta ez genuen nahi `AHTrik ez' bidean egin zutena berriro errepikatzea; hots, paraboltez betetzea».

Mendi gidariak azaldu digunez, artifizialeko luzea asko garbitu dute eta uste dute era askean eskalatu daitekeela: «Ez da oso gogorra, baina haitza ez da ona. Hobe da katu-oinak erabiltzea. Hurrengo luzea ez da oso zaila, baina bileratik ateratzean kontuz ibili behar da; izan ere, bileratik irten eta bi iltze txar txapatu behar dira, eta bigarrena bereziki oso txarra da».

Mistoa, izotza, artifiziala eta librea, den-denak zakuan sartuta goi mailako proposamen berri bat eman du. Emaitza bikaina eta borobila, gogorra eta oso sasoian egotea eskatzen duena. Eta berriro diogu, oso estilo onean zabalduta. Iritzi berekoa da Fernandez bera: «Bide honek asko eskatu digu, bai gure buruari bai gure sasoiari. Eta bi eite horietatik psikologikoa azpimarratu nahiko genuke. `Desplome' handira heldu, hurrengo luzeak ikusi eta txantxak egiteko gogoa joan zitzaigun. Luze horietan sokaburu nor izango zen zozketa bidez erabaki genuen. Zorionez, Andolari egokitu zitzaion! Zailena irten handiko sekzio horretan eskalatzen hastea izan zen. Buruari kontra egitea! Alabaina, luze oso onak ditu».

«Free bolts»

Pala de Ipen Iñigo Andolak eta Alberto Fernandezek sortutako marra berria zailtasunean gogorra da eta estilo oso onean zabaldutakoa.