GARA Euskal Herriko egunkaria
BLOKEA | 130 parte-hartzaile

Pio Barojako proba herrikoiak arrakasta itzela izan du

Donostiako Fortuna kirol elkarteak antolatuta, otsailaren1ean boulderreko txapelketa herrikoia jokatu zen. Guztira, 130 eskalatzailek hartu zuten parte, eta guztiek ala guztiek, giro ederra sortzeaz gain, gozatu handia hartu zuten antolatzaileek prestatutako blokeekin.


Boulderreko txapelketa herrikoien inguruko berriak askotan ekarri ditugu orriotara. Lan horretan ez gara nekatzen, izaera horretako ekimenak oso arrakastatsuak izaten direlako. Batetik, elitekoak ez diren eskalatzaileek parte hartzeko aukera izaten dutelako. Bigarrenik, oso giro ederra sortzen delako. Hirugarrenik, parte-hartzaileen kopurua handia izaten delako. Eta laugarrenik, gutxienekoa «irabaztea» izaten delako.

Hori dena (eta gehiago) otsailaren 1ean ikusi genuen Donostiako Fortuna kirol elkarteak antolatutako txapelketa herrikoian. Lehen datu adierazgarria: 130 eskalatzailek bat egin zuten hitzorduarekin. Bai, 130 blokezale Pio Barojan elkartu ziren! Ziur aski, boulderreko hitzordu herrikoi batek izan duen parte-hartzailerik gehiena.

Proba horrek hainbat edizio jokatu ditu jada, eta azkeneko honetan, inolako zalantzarik gabe, kirol elkarte horretako eskalada sekzioko arduradunek bete-betean asmatu zuten. Antolaketa bikaina, eta rokodromora hurbildu ziren guztiak pozarren eskalatzeko eskainitako proposamen guztiekin.

Aipatu dugu 130 eskalatzaile bertaratu zirela; gainera, Euskal Herriko lurralde ia gehienetatik. Soilik Iparraldekoek huts egin zuten. Hori dela eta, antolatzaileek eskertu nahi izan dute eskalatzaileen jarrera: «Oso-oso eguraldi makurra egin zuen, eta, hala ere, askok autoa hartu eta elur, euri zein kazkabar erauntsiei aurre egin, eta Donostiara etorri ziren. Mila esker egin zenuten esfortzu horrengatik».

Bloke andana

Kanpoko giro desatseginari muzin eginda, goizeko sailkapeneko txandan, 130 parte-hartzaile horiek gozatu ederra hartu zuten Fortunako eskalada sekzioko antolatzaileek jarritako blokeekin. Guztira, 30 korapilo. Kolore, estilo eta ezaugarri guztietakoak. Ekipatzaileek sormena ondo landu behar izan zuten, eta deigarria bigarren zenbakia zuen blokea izan zen. Bai, bi eskalatzailek esku bana elkarri hartuta eskalatu behar zutelako. Bloke asko eta asko errazak, eskalatzaile herrikoiek ondo pasatzeko aukera izan zezaten. Eta sasoikoenentzat ere bloke zailak.

Eskertzekoa da, era berean, proba hasi aurretik antolatzaileek helarazitako mezua: «Gaurkoa proba herrikoia da; beraz, bata besteari lagundu, balizko erorikoak babestu... Gainera, irabazleek ez dute saririk jasoko. Banatuko ditugun produktu guztiak zozketa bidez egingo dugu».

Arratsaldean, berriz, finalak jokatu ziren. 18 urtez azpikoetan, nesketan, 11 finalistetatik Muriel Ruiz de Larramendi izan zen onena. Bigarrena Marta Camara eta hirugarrena Aitziber Urrutia. Mutiletan, 16 finalista eta honako podiuma: lehena Eneko Carretero, bigarrena Beñat Aspe eta hirugarrena Ekain Barandiaran.

Seniorretan, nesketan, bost finalista. Ane Mujikak irabazi zuen, eta haren atzetik Miriam Mulas eta Ruth Craven sailkatu ziren. Eta, mutiletan, 20 finalista. Garaipena Eneko Canterorentzat izan zen; bigarrena Iñaki Arantzamendi izan zen eta hirugarrena Txomin Arantzamendi.