Jon ORMAZABAL
Interview
Jokin ALTUNA
ASPEKO pilotaria

«Erreta nagoela sentitzen badut, jokatu ezin dudala esaten lehena izango naiz»

Aurrelariak disgustu txiki bat hartu zuen Binakako Txapelketan egongo ez zela esan ziotenean, baina azken zortzi asteetan, aurrekoa izan zen txapelketarik gabeko bere lehen asteburua. Aimar Olaizolari irabazi ostean ia bertako seme kuttun egin zuten Adarragan porrot mingarri bat eta eskuan kolpe gogor bat eraman zituen, baina gaur berriz ere estelarrean arituko da, bere lagun Irujoren partez.

Amezketarra uste baino gehiago jokatzen ari da txapelketan eta gaur lehen mailako azterketa izango du Ezkurdia-Zabaleta liderren aurka Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Erriberrin aurkezpenean egoteko aukerarik ez izan arren, titularrek adina jokatzen ari zara. Pentsatzen dut balantzea ezin hobea izango dela.

Jokatuko ez nuela esan zidatenean beste maila bateko partidak, jaialdietako lehenak, jokatu beharko nituelako ideia egin nuen, baina gero Xalak min hartu zuen eta ia denak jokatzen ari naiz. Ikasteko balioko dit.

Neronek ere ez nuen espero hainbeste partida jokatzea eta nahikoa gustura nago eta espero horrela jarraitzea hurrengo partidetan.

Orduan sinatuko zenuke gero gertatu dena, ezta?

Sinistu ere ez nukeen egingo. Jokatuko ez nuela jakin nuenean disgustua hartu nuen, baina hilabete eta pikora zortzi partida jokatuta egotea gauza polita eta handia da eta ilusio handia egiten didana.

Ikasteko prozesu bat dela aipatu duzu, zer ikasi duzu lehen mailako txapelketa batean jokatutako partida hauetan?

Nik uste sufritzen ikasten dela gehien, partida gogorrak izaten dira eta irabazten joanagatik ere, bost tanto aurretik joanda ere, ezin duzu ezer sinistu. Eta alderantziz, galtzen joanagatik, segitu beharra dago, partidak ezin dira utzi eta lan asko egin beharra dago irabazteko.

Esan izan da, zu bezalako gazteak azkarregi jartzen direla lehiatzen eta erretzeko arriskua ere izaten dela. Nola sentitzen zara?

Ni ondo nago, denek esaten dute gaztea naizela eta erretzeko arriskua dagoela, baina ni ondo sentitzen naiz eta erreta nagoela sentitzen badut, jokatu ezin dudala esaten lehena izango naiz.

Tartean, gainera, Irujo eta Aimar bezalako izarren aurka garaipen handiak lortu dituzu, hauen kontra lehiatzeko gai izan zara...

Hori da, azkenean, euren kontra aritu eta partidak parekatuak joateak asko laguntzen du hurrengo partida konfiantzarekin hartzeko garaian.

Igandean, ordea, Logroñon bertan, txanpon beraren beste aldea ikusi zenuen, Aritz Lasa eta lagun izan zenuen Miguel Merinoren aurka zazpian geratuta...

Dudarik ez, denok gara profesionalak eta nik ere esan nuen Aimar eta Irujori irabazi nienean, horiei irabazi izanagatik ez nuela zerura igo behar, eta orain ere, beste partida mota bat galdu izanagatik ere ez da ezer gertatzen. Edozeinen aurka galtzea eta irabaztea gerta daiteke eta.

Logroñon bertan esan nuen, gainera, Aimarri irabazita, hurrengoan beste aldera izan zitekeela, eta begira, hara joan nintzen hurrengoan hala izan zen, baina gauza horietatik aparte ibili behar dugu.

Ogetara bueltan, bertan jokatu zenuen zure udako lehen feria...

Oso-oso gustura jokatuko dut, partida ona egin nuen, eta afizionatuetan ere jokatuta nago. Nik uste dut aurrelarientzat oso frontoi ederra dela.

Abelekin ere, bereziki gustura?

Nik beti esaten dut, jokatu eta jotzeaz aparte, atzelari batek asko lagundu behar dizula kantxa kanpoan eta barruan ere, konfiantza eman behar dizula, eta Abel horretan nik uste dut onena dela, daramatzan urteengatik eta bera pertsona bezala den bezalakoa izateagatik, eta nik berarekin beste ilusio batekin jokatzen dut.