GARA Euskal Herriko egunkaria
Alpinismoa | Gavarnieko hirugarren murrua

«Memento Mori»-ren lehen errepikapena, baina kateatu gabe

2011. urtean Unai Mendia, Albert Salvado eta Martin Eliasek zabaldutako bidea errepikatu dutenak Javi Bueno eta Manu Cordova dira. Pirinioetako bide gogorrenetarikoa da, eta Cordovak marra osoa sokaburu egin zuen, baina ezin izan zuen 7b/c graduko luzea katetatu.


2011. urtea zen Albert Salvado, Unai Mendia eta Martin Eliasek Gavarnieko hirugarren murruan «Memento Mori» sortu zutenean. 24o metro luze da, eta ABO-, RS4 bezala proposatu zuten. Teknikoki hitz eginda: M6, 7b/c eta WI5+. Jarduera haren berri ematerakoan, aipatu genuen gogorra eta konpromiso handikoa zela. Eta gehitzen genion Pirinioetako marra berria izateko, abangoardista zela, eta estilo modernokoa. Bi hitzetan, Pirinioetako izaera horretako biderik gogorrenetarikoa.

Bada, orain dela aste gutxi batzuk, Manu Cordovak marraren lehen errepikapena sinatu du. Sokaburu egin zituen luze guztiak, eta sokakide Javi Bueno izan zuen. Cordovak adierazi du proposamen hori sortu zenetik haren atzetik ibili dela: «Bidea zabaldu zutenak lagunak dira, eta `Memento Mori'-ren inguruan asko hitz egin dute nirekin. Azken urteotan bide hori eskalatzeko asmoa izan dut, baina `ihes' egiten duen horietakoa da. Bai, ez da urtero osatzen, eta baldintza bereziak behar ditu. Jakina, hotza eta hezetasuna behar da izotza paretan itsasteko. Baina, era berean, arrokazko sekzioak eskalatu ahal izateko tenperatura `egokia' behar duzu katu-oinak jartzeko».

«Memento Mori»-k deserosotasun hori dauka: luze batzuk katu-oinekin eskalatu behar dira; eta beste batzuk, aldiz, botak eta kranpoiekin.

Bide horretara heltzeko, Buenok eta Cordovak lehen murrua «Panneau central» bidetik eskalatu zuten, eta bigarrena «Mitologico»-tik. Aragoiko Alpinismoko Teknifikazio Taldeko beste pare bat sokadarekin joan zirenez, gaua hirugarren murruaren sarreran egin zuten; hain zuzen, «Aliento del diablo» marraren azpian dagoen bibakean. Gaua igaro ondoren, alpinistok «Memento Mori»-n sartu ziren.

Lehen errepikapena

Cordovak azaldu digunez, bide osoa sokaburu egin zuen: «Azkenean, `Memento Mori'-n saiatzeko ordua iritsi zen. -5 graduko tenperatura egiten zuen, nahiko egokia izaera horretako bide bat egiteko. Lehen luzea 6c/7a zailtasuneko da, baina arriskutsua. Ziur aski bidearen giltza da. Lehen lau txapak botekin eskalatzen dira, eta nahiko erraza da. Hori bai, lehen txapak buruhausteak ematen ditu garaiera duen blokeko pauso bat egin behar delako. Behean ez duzu koltxonetarik, elurra baizik (kar,kar). Laugarren txapan botak erantzi eta katu-oinak jarri nituen. Ez zuen hotz handirik egiten, baina nahikoa gorputza gogortuta edukitzeko. Iltze bat sartu nuen, ondoren friend psikologiko bat, eta ohartu nintzen ez nindoala bide egokitik; izan ere, ezker aldean beste txapa bat ikusi nuen. Kontu handiz, txapa horretara heldu eta pixkaka bilerara iritsi nintzen».

Bigarren luzean, berriz, Cordovak marran dagoen C alderantzikatu baten irudia duen sekzio bat eskalatu ondoren, bilera bat atondu zuen: «Beldur nintzen soka ez ote zen urratuko. Hortik aurrera krokisak dio 7b/c zailtasuneko tarte bati ekin behar zaiola. Dena eskalatu nuen, baina puntu bakoitzean gelditzen. Ez nintzen fio, lehen luzean izan nuen nahastearengatik, eta bidea ondo amaitu nahi nuelako. Azken txapara iritsi, botak jarri eta izotz mingain bati jarraituz bilerara heldu nintzen».

Arrokan eskalatutako bi luze horiek patrikan sartu ondoren, Cordovak oraindik beste bi luze zituen aurretik; biek ala biek izotz mehea zutela. Hots, placage izenarekin ezagutzen direnak: hauskorrak eta aseguratzeko zailak.

Horrela bukatu zen, beraz, Huescako alpinistak «Memento Mori» bidean egin zuen eskalada. Aurreratu dugun bezala, lehen errepikapena egin du, baina kateatu gabe. Eta, gainera, Cordovak berak baieztatu digunez, bota eta katu-oinen aldaketetan ere zintzilikatu zen.

Amaitzeko, protagonista honek honako laburpena egin digu: «Leku ikaragarri batetik doa. Zalantzarik gabe, uste dut zabaltzeko era abangoardista dela, eta zailtasunaren aldetik estilo modernoa du. Gavarnieko hirugarren murrua berez konprometitua da, eta bide hau murru horretan dagoen arriskutsuena da. Bidea zabaldu zutenen mentalitatea era askean eskalatzeko bide gogor bat sortzea izan zen, eta erdietsi zuten. Gainera, zailtasunari arriskua gehitu zioten. Lehen, estilo honetako bide bat artifizialean zabaltzen zen; `Memento Mori'-koek, aldiz, eskalada librea aurkeztu dute».

Errepikapena

Manu Cordovak Gavarnieko hirugarren murruan dagoen «Memento Mori» bidearen lehen errepikapena sinatu du.

Iker Madoz, «izotz eskaladako ametsetako hiru egun»

Orain dela gutxi, Iker Madoz gure orrietara ekarri genuen Matterhorneko ipar horma eskalatzeagatik. Eta, ondoren, elkarrizketa egin genion 21 urteko iruindarrari, alpinismoaren munduan sendo sartu delako. Eta berriro ere Madozi buruz hitz egin behar dugu negu honetan batez ere izotzean gogor estutzen ari delako. Sinatu dituen jardueren artean, hasteko, Gavarnieko hiru murruak eskalatu ditu bi egunean; hirugarren murrua, «Alois» bidetik.

Baina benetan nabarmentzekoa da 21 urteko gazte honek hiru egunetan izotzezko hiru bide poltsikoratu dituela; eguneko bat, jarraian eta eremu ezberdinetan. Guztiak Roger Cararach katalanarekin. Hasi, Ordesan hasi ziren, Cotatuero ur-jauzian. Oso gutxitan izozten da edo izaten da baldintza onetan, eta sokada honek ondo aprobetxatu zuen une egokia. Biharamunean, Fuen Frian, «Graciela» bidea (IV, M6, 6b+, WI6+/7) eskalatu zuten. Eta amaitzeko, Izasen «Colgada» marra (WI5+) egitea lortu zuten. Madozek dioen modura, «ametsetako hiru egun izan dira». Andoni ARABAOLAZA

Bidea

Gavarnieko bide hori Martin Elias, Albert Salvado eta Unai Mendiak zabaldu zuten. 2011. urtean izan zen, eta honako zailtasuna du: ABO-, RS4.

Abangoardista

Protagonistaren iritziz, «Memento Mori»-k zailtasunean estilo modernoa du. Eta zailtasunaz gain, bideak duen konpromisoa nabarmendu du.